Hegaldi gehiago proposatu arren, bidaiari gutxiago ditu Hondarribiko aireportuak aurten

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 17a

Urrian bidaiari kopuruak %1,8 egin du gora, baina 2025ko bilakaera beherakorra da. Hondarribiko aireportuak urteko lehen 10 hilabetetan %3,2 erabiltzaile galdu ditu 2024 urtearekin alderatuta. Hegaldien okupazio tasa nabarmen apaldu da, izan ere, aurten %10,7 hegaldi gehiago jaso ditu aireportuak. 

Hondarribiko aireportuak bere historian izandako daturik onenak jaso ditu azken bi urteetan, eta aurten nekez eutsi ahal izango dio hazkunde bilakaera horri. Gogoratu behar baita, AENAk eta Ortzibiak aireportuaren sustapenerako hegaldi berriak erakartzeko neurriak hartu dituztela azken hamarkadan, eta aireportua modernizatzeko eta bere etorkizuna bermatzeko apustua berretsi dutela. Horri esker, Hondarribiko aireportuak bere historiako boladarik onena bizi du. 2014ko 245.422 bidaiarien aldean, iaz 486.494 jaso zituen aireportuak, eta 2023an 474.140 jaso zituen bitartean.

Hala, AENA erakundeak plazaratutako datuen arabera, udan izandako beherakadaren ondoren, udazkeneko lehen datuak iazkoak baino hobeagoak izan dira. Urrian 2024an baino %1,8 bidaiari gehiago jaso baititu. Hein handi batean, iazko urriarekin alderatuta, hegaldi gehiago jaso dituelako, %21,6 aireratze eta lurreratze mugimendu gehiago, orotara 619. 

Alde horretatik, 2025 urteko dinamika bertsua mantentzen du, hegaldien okupazio-tasaren apaltze nabarmen batekin. Izan ere, aurtengo urtarriletik urrira bitartean, aireportuak %10,7 hegaldi mugimendu gehiago jaso dituen arren (5.712 guztira) bidaiari kopuruak %3,2 egin du behera.