Anton Abadiaren eskutik helduta gogoeta egingo dute Hondarribian euskararen iraganaz eta geroaz

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 18a

1925ean Hondarribian ospatu zen Euskal Jaiaren mendeurrenarekin, euskara eta euskal kulturaren transmisioan sakontzeko Anton Abadia Zikloa antolatu du Udaleko Euskara Sailak. Abenduaren 13an Lore Jokoez eta Anton Abadiaren izenaz eta izanaz hausnartzeko, liburu aurkezpen eta mahai-ingurua antolatu dute Itsas Etxean. Eta azaroaren 28an, “Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara” antzerki musikatua berreskuratuko dute.

 

Hendaiako Abadia jauregiko liburutegiko hormetan "Lahar txikienak ere badu bere itzala" idatzirik utzi zuen Anton Abadiak berak. Hondarribiko herriak, aldiz, euskara eta euskal kulturaren transmisioa suspertu nahian dabil egun, bere historian izandako euskal nortasunaren itzal luzean begiratuz. Hondarribian, Lore Jokoak lehen aldiz 1883an ospatu ziren, eta Lehen Mundu Gerra bukatu ostean, 1925ean antolatu zituzten bigarrenez, dagoeneko Euskal Jaiak izenburupean. Mendeurrena ospatzeko testuinguruan kokatu du Hondarribiko Udalak antolatu duen Anton Abadia Zikloa. XIX. mendeko euskaltzale eta kultur sustatzaile handiaren figura eta ekarpena herritarrengana hurbiltzeko asmoz.

Izan ere, Anton Abadiak (1810-1897) geografoa, astronomoa, esploratzailea, hizkuntzalaria, etnografoa eta kulturgileak sortutako Lore Jokoekin euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen itzela ezagutarazi eta gaur egungo kulturgintzarekin zubiak eraiki beharra dagoela sinetsita dago Udaleko Euskara Saila. Hondarribian euskararen %16ko kale-erabilerak behar duen bultzada eta «euskal kulturaren transmisioan hausnartzeko aukera paregabea» dela pentsatzen du Garoa Lekuona Euskara hautetsiak.

Dublinetik Hendaiara, Hondarribitik pasatuz

Abadia jauregiko liburutegiko egurretan, Andde Oihenarten beste esaldi hau utzi zuen idatzirik ere Anton Abadiak, euskaraz:"Ero bat aski da harri bat putzura jaurtitzeko, baina sei zuhur behar dira hura handik ateratzeko". Eta euskararekin ere berdin gertatzen ari dela ohartuta, kalean erraz galdu den erabilera suspertzeko ahalegin guztiak gutxi badira ere, jendarteak hausnartu dezan, hiru hitzordu antolatu dituzte ziklo honen baitan. Eta Hondarribiko herria, Anton Abadiaren izenaz eta izanaz jakin gosez dagoela dirudi. Izan ere, azaroaren 29an Hendaiako Abadia jauregira antolatutako bisitarako plaza guztiak aitaren batean agortu ziren. Azaroaren 28an, aldiz, 20:00etan, “Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara” antzerki musikatua izango da Itsas Etxea Auditoriumean.

Loraldia Produkzioaren antzezlan musikatua 2015ean Bilbon Lore Jokoak eta Anton Abadiaren ideiak eta figura berpizteko sortutako Loraldia Jaialdiarekin batera erein zuten. Imanol Agirre zuzendari artistikoak azaldu duenez, «kulturgile batzuk elkartu ginen eta euskal kulturak udaberrian itsasargi bat behar zuela pentsatu genuen, dena udazkenean gertatzen zelako, Durangoko Azoka dela eta».

Horrela, Loraldia irekitzeko Patxo Telleriak testua idatzi eta Aitor Mazok antzeztu zuen Bilbon Anton Abadiaren pertsonaia. Tamalez, estreinatu eta 10 egunera hil zen bihotzekoak jota, baina 2017an Txomin Heguyrekin berreskuratu zuten. Herriz herri ibili ziren Anton Abadiaren mezua zabaltzen, eta 2020an Hendaian aurkeztu eta 24 emanaldi egin ondoren, ez da gehiago taularatu.

Hondarribiko Udalak ekimen honetarako berreskuratu duen arte. Garoa Lekuonak haien ahalegina eskertu nahi izan du, «udalaren intsistentziaren aurrean berriz produzitu behar izan dutelako». Orain, aldiz, Txominek erretreta hartuta dauka, eta aktore berri batek, Andde Oregik hartu du Anton Abadiarena egiteko ardura. Agirrek argitu duenez, obrak ez du artifizio askorik, Anton Abadiaren bakarrizketa moduko bat baita, baina antzerki musikatua izanik, Anton Abadiaren irlandar jatorritik hasi eta Euskal Herrira ez ezik, Etiopia, Brasil eta Europa osotik egindako ibilbidearen lekuko da, zuzenezko musikarekin. Eta horretarako, musikari nabarmenak dituzte bidelagun, Xabier Ceberio, Mixel Ducau eta Alaia Philips.

Iragana eta etorkizuna

Anton Abadia Zikloak, aldiz, hausnarketa ariketa sakonago bat egiteko aukera emango du abenduaren 13an. Aurten Euskal Disko eta Liburu Azokaren formatua aldatu, eta egun bakarreko Euskal Azoka antolatu baitu udalak Itsas Etxean. Goiz eta arratsaldez liburu aurkezpenak eta mahai-inguruak proposatuko dituzte, Anton Abadiak utzitako legatuaren transmisioa, egungo Hondarribiari eta belaunaldi berriei egin nahian. Goizeko 11:00etan, hain justu, "Euskal Jaiak: iragana eta etorkizuna" mahai-ingurua proposatzen dute. 

Jardunaldia Koldo Ortega historialari hondarribiarrak irekiko du, “Euskal Jaien eta Lore Jokoen 100. urtemugaren begirada historikoa” eginez. Hondarribira begiratuaz, mendeurrenetik egun arte. Ortegak gogoratu duenez, «duela 100 urte Hondarribian 6.000 biztanle zeuden eta denek egiten zuten euskaraz, gaur egun, aldiz, gazteak bereziki alfabetatuak dira denak eta filosofia eta zientziaz idazteko eta hitz egiteko gai dira, baina euskara gutxi entzuten da kaleetan». Hortaz, Euskal Jaiaren 100. urteurrenarekin antolatutako zikloa euskarari herrian bultzada emateko balio dezakeela espero du. 

Era berean, abenduaren 13ko jardunaldiak Lore Jokoen eta Anton Abadia izan zena ezagutzeko aukera emango duten beste zenbait liburu eta ekimen jasoko dituela iragarri dute. Iñigo Sagarzazu hondarribiarrak bere garaian idatziriko “ABADIA – Jakintsua eta bere garaia” liburua euskaratu berri dutela probestuko dute, Harkaitz Cano idazlearen eskutik kontakizuna egiteko. Eta Antxoka Agirre, kazetari eta ikertzaileak: “Lore Jokoak, bertsolaritza modernoaren Big Banga” aurkeztuko du, bertsolaritza modernoaren sustraiak aztertzeko.