Gabonetako oporraldietan Izan Arrantzale Hondarribian programa antolatu dute haurrei zuzenduta, herriko gaztetxoek arrantza eta itsasoa hobe ezagutu dezaten. Hondarribiak itsasoarekin eta arrantzarekin duen harremana, eta herri nortasunaren transmisioan lagundu nahian, Gazteria arloak iaz abian jarritako programak arrakasta lortu zuen, eta Aste Santuetako oporretan errepikatu egin zuten. Oraingoan ere, 8 -13 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta, Elhuyar Fundazioaren esperimentu zientifikoek osatuko dute programa. Itsasoa, biologia eta esperimentuen bitartez lantzeko aukera emanez.
Proiektu honetan Done Pedro Itsasgizonen Kofradiak ere parte hartzen du, artisau-arrantzaren sektorearen belaunaldien arteko erreleboa lantzeko helburuarekin. Lupe Queiruga, Gazteria arloko zinegotziak aditzera eman duenez, «garrantzitsua da itsasoarekin harremana mantentzea, eta herriak duen izaeraren transmisio hori egitea, belaunaldi berriek jakin dezaten arrantzak izan duen eta oraindik ere herrian duen pisua, zergatik den herria den bezalakoa».
Hezkuntza eta Gazteria arloko zinegotziak azaldu digunez, kasu honetan Izan Arrantzale eta GaztTek programaek bat egingo dute, itsasoaz ikasi eta teknologia berriak aldi berean erabiliz. Baina funtsean, ikuspegi praktiko batetik, belaunaldi berriek itsasoarekin galdu duten harremana berreskuratzea dute helburu.
Zientzia eta teknologia
Alde horretatik, Bidasoa Bizirik garapen agentziarekin elkarlanean, 2017an GazteTEK programaren bederatzigarren edizioa izango da honakoa. Udalak argitu duenez, gazteei STEAM gaitasunak (Science, Technology, Engineering, Arts, Mathematics) lantzeko jarduerak eskaintzeko sortu zen. Eta dinamika horietan, parte-hartzaileek edukien sorkuntza ikus-entzunezkoak, bideojokoen diseinua, 3D unibertsoa, programazioa, robotika-eraikuntza eta droneen maneiuak landu izan dituzte, besteak beste. Iazko gabonetan, aldiz, jardunaldi teknologikoaz gain, Zientzopolis enpresarekin lankidetzan Izan Arrantzale Hondarribian programa gehitu zen, ura eta ozeanoak ardatz zituen esperimentazio-tailerrekin batera. «Esperientzia oso arrakastatsua izan zen, eta gazteen eta familien artean oso harrera ona izan zuten», nabarmendu du udal ordezkariak.
Hartara, aurten aukera berriak arakatzeko asmoz, arlo zientifikoan sakontzeko apustua egin dute. Eta STEAM gaitasunak garatu nahian, «Elhuyar Fundazioa bezalako erakunde erreferentzial batek gidatutako tailer zientifikoak txertatzea garrantzitsua da» Queirugaren aburuz. Bi goizetan banatuta, lau tailer izango dira guztira: esperimentu likatsuak, ingeniaritza, argiarekin jolasean eta biologia.
Izan Arrantzale Hondarribian eta GazteTEK programetan izena emateko azken eguna abenduaren 1a izango da. Argitu dutenez, Internet bidez egin daiteke hemen edota aurrez aurre Gazte Zerbitzuaren bulegoan, Jabier Ugarte, 6 kalean. Informazio gehiago behar izanez gero, 688 728 057 telefonora deitu daiteke. Programak abenduaren 22an eta 23an Izan Arrantzale Hondarribia, eta abenduaren 29an eta 30ean GazteTEK egingo dituzte.