Hondarribian, Lore Jokoak lehen aldiz 1883an ospatu ziren, eta Lehen Mundu Gerra bukatu ostean, 1925ean antolatu zituzten bigarrenez, dagoeneko Euskal Jaiak izenburupean. Mendeurrena ospatzeko testuinguruan kokatu du Hondarribiko Udalak antolatu duen Anton Abadia Zikloa. XIX. mendeko geografo, astronomo, esploratzaile, etnografo, euskaltzale eta kultur sustatzaile handiaren figura eta ekarpena herritarrengana hurbiltzeko asmoz.
Anton Abadiak (1810-1897) eta kulturgileak sortutako Lore Jokoekin euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen itzela ezagutarazi eta gaur egungo kulturgintzarekin zubiak eraiki beharra dagoela sinetsita dago Udaleko Euskara Saila. Hondarribian euskararen %16ko kale-erabilerak behar duen bultzada eta «euskal kulturaren transmisioan hausnartzeko aukera paregabea» dela pentsatzen du Garoa Lekuona Euskara hautetsiak.
Eta gonbidapena luzatuta, Hondarribiko herria Anton Abadiaren legatuaz jakiteko gosez dagoela dirudi. Izan ere, azaroaren 29an Hendaiako Abadia jauregira antolatutako bisitarako plaza guztiak aitaren batean agortu ziren. Haatik, azaroaren 28an (20:00etan) “Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara” antzerki musikatuaz gozatzeko aukera izango da Itsas Etxea Auditoriumean.
Loraldia Produkzioaren antzezlan musikatua 2015ean Bilbon Lore Jokoak eta Anton Abadiaren ideiak eta figura berpizteko sortutako Loraldia Jaialdiarekin batera erein zuten. Imanol Agirre zuzendari artistikoak azaldu duenez, «kulturgile batzuk elkartu ginen eta euskal kulturak udaberrian itsasargi bat behar zuela pentsatu genuen, dena udazkenean gertatzen zelako, Durangoko Azoka dela eta».
Horrela, Loraldia irekitzeko Patxo Telleriak testua idatzi eta Aitor Mazok antzeztu zuen Bilbon Anton Abadiaren pertsonaia. Tamalez, estreinatu eta 10 egunera hil zen bihotzekoak jota, baina 2017an Txomin Heguyrekin berreskuratu zuten. Herriz herri ibili ziren Anton Abadiaren mezua zabaltzen, eta 2020an Hendaian aurkeztu eta 24 emanaldi egin ondoren, ez da gehiago taularatu.
Hondarribiko Udalak ekimen honetarako berreskuratu duen arte. Garoa Lekuonak haien ahalegina eskertu nahi izan du, «udalaren intsistentziaren aurrean berriz produzitu behar izan dutelako». Orain, aldiz, Txominek erretreta hartuta dauka, eta aktore berri batek, Ande Oregik hartu du Anton Abadiarena antzezteko ardura. Agirrek argitu duenez, «obrak ez du artifizio askorik, Anton Abadiaren bakarrizketa moduko bat baita, baina antzerki musikatua izanik, Anton Abadiaren irlandar jatorritik hasi eta Euskal Herrira ez ezik, Etiopia, Brasil eta Europa osotik egindako ibilbidearen lekuko da, zuzenezko musikarekin». Eta horretarako, musikari nabarmenak dituzte bidelagun, Xabier Ceberio, Mixel Ducau eta Alaia Philips.