Hondarribiko Udala euskal kultura eta euskararen erabilera suspertu nahian dabil, eta herriak garai batean izan zuen euskal nortasunaren sustraietan oinarrituta, izan zenari eskutik helduta, eguneratzea bezalakorik ez dago horretarako. Hartara, Hondarribiko Euskal Liburu eta Disko Azokak 30 urte bete zituen iaz, formatu aldaketarako lehen saiakera batekin. Arrantzale auzoan antolatu zuten orduan, baina udala «ez zen emaitzarekin gustura geratu». Hala ere, Garoa Lekuona Euskara saileko hautetsiak azaldu digunez, «beti saiatu eta hobetu behar da, eta aurten koxka bat gora egiten dugu, eta espazio eta eredu berriarekin estreinatuko dugu».
Izan ere, 31. edizio honetan, Euskal Azoka izango da, bere burua berrasmatu eta euskarari Hondarribian bide eman nahian. Lekuonak azaldu duenez, «erronkari erantzun eta indarberrituta jarraitu dezala» nahi dute, eta horretarako, Itsas Etxea liburutegi berezia bihurtuko dute, egun batez, herriko irakurzaletasunaren sustraiei keinu bat eginez.
Orrialde berri bat Itsas Etxean
1987. urtean Itsas Etxeko behealdean zegoen 30 metro koadroko gela batean hasi baitzen herriak ezagutu zuen lehenbiziko liburutegia, xumea erabat. Eta 38 urte geroago, egun puri-purian diren euskal antzerki, musika eta askotariko emanaldiak jasotzen dituen Itsas Etxea auditoriuma euskal literatura aterpetuko du, herritarrek lekukoa jasoko dutelako menturan.
Abenduaren 13an, urtero bezala, Durangoko Azokan aurkeztuko dituzten nobedadeak bertan jasotzeaz gain, ordu erdiro liburu aurkezpen bat egingo dute egileekin. Garoa Lekuonak argitu duenez, argitaletxe eta kultur erakundeak bertan egoteari lehentasuna eman diote. Eta eredu aldaketa honen gogoeta egiterakoan, «horrelako azoka txikietan espezializaziorako joera dagoenez, haur eta gazte literatura eremu interesgarria izan daitekeela ikusi du udalak, beraz, presentzia berezia izango dute». Orotara, 15 salmenta-postu egongo dira honako argitaletxe eta erakundeen eskutik: Alberdania, Argia, Amesgile, Draco Sommum, Dakit, Xabiroi, Harriet, Hatsa, Herrima, Maiatz, Nabarralde, Elkar, EHU, Euskal Herriko Ikastolak, Arma Plaza Fundazioa, Oarso Bidasoko Hitza eta 24. Korrikaren materiala salduko duen beste bat.
Erosteko eta hausnartzeko azoka
Haatik, liburu eta disko salmenta soila baino gehiago izango da. Idazleen liburu aurkezpenekin batera, Hondarribiko euskararen iraganaz eta geroaz hausnartzeko mahai-ingurua ere proposatuko baitute 11:00etan. Koldo Ortega historialariak zuzenduko du "Euskal Jaiak: iragan eta etorkizuna" solasaldia, eta euskal kulturaren erroak belaunaldi berriei «transmititzeko beharrari erantzuteko abiapuntu egokia» dela pentsatzen du Euskara hautetsiak.
Bestalde, euskal kulturgintzaren kontsumoari bultzada emateko helburua ere badu azokak. Eta bisitariek erosketak egin ditzaten animatzeko, Blagan euskara elkartearekin lankidetzan erosketa-bonuak atera dituzte. Udalak argitu duenez, Euskal Jaiaren bueltan antolatutako jardueretan banatu dituzte, baina Zuloaga Etxeko udal liburutegian eskura egongo dira agortu arte. Erosketa-txartel hauei esker, 3 euroko beherapena lortu ahal izango da Euskal Azokan egindako 15 eurotik gorako erosketetan.
EUSKAL AZOKA - Liburu aurkezpen eta ekitaldien egitaraua
- 10:00 - Azokaren irekiera
- 11:00 - "Euskal Jaiak: iragan eta etorkizuna" mahai-ingurua
- 12:30 - "Erraldoi bizi-biziak", Ane Zubeldia eta Irantzu Barrondo Eizagirre.
- 13:00 - "Abentura Erraldoia", Gorka Bereziartua Mitxelena eta Adur Larrea Eguren.
- 16:15 - "Maurizia. Minbiziaren hotsa", Garbiñe Ubeda Goikoetxea eta Garluk.
- 16:45 - 2025eko Hatsaren Poesiaren bilduma. Ainara Maya Urroz eta Auxtin Zamora Durruty.
- 17:15 - "Ni laioko", Markos Zapirain Agirre.
- 17:45 - "Zahartzaroaren maparen bila", Arantza Urretabizkaia Bejarano.
- 18:15 - Herrima argitaletxearen aurkezpen kolektiboa:
-
- "Zapalduon pedagogia edo nola libre hazi, hezi, bizi", Ane Ablanedo Larrion.
- "Masusta-erreximenta abertzale baten bizipenak", Ekaitz Bergaretxe Dorronsoro.
- "Euskara eta biok jalgi hadi mundura", Andrea Bella Garcia.
-
- 18:45 - Dakit argitaletxearen aurkezpen kolektiboa:
-
- "Jaiotzetik Erreboltari", Matxalen Bezoz Arketa.
- "Mendiak ogibide", Bingen Amadoz Ongay.
-