Gabonetan "bihotzarekin" erosteko azoka antolatu dute Hondarribian

Koldo Nausia 2025eko abenduaren 4a

Gabonetako erosketetan tokiko kontsumoa bultzatzeaz gain, herriko sortzaileen lanak ezagutzara eman eta komunitatea sortzeko helburuarekin Hondarribiko Gabonetako Azoka antolatuko dute abenduaren 13an eta 14an. "Gabonetan ere bihotzarekin erosi, bertan kontsumitu" lelopean, iaz bezala, karpa berotu baten azpian ospatuko dute Santa Maria Madalen plazan. Tailerrak eta musika zuzenean izango da, eta herriko 17 denda, artista, artisau eta eskulangilek parte hartuko dute, joan den urtean baino bat gehiago.

 

Gaur egungo erosketen %25a, klik baten ondoren, etxeko txirrina jotzen duen banatzaile baten eskutik, eta kutxa batean jaso ohi dugun honetan, Internet bidezko multinazionalen eta merkataritza zentro handiekin lehiatu beharretan dira merkatari txikiak. Haien eguneroko borrokaren lekuko da Hondarribiko Gabonetako Azoka. Abenduaren 13an eta 14an iazko formatu berean errepikatuko dute, Madalen plazan. Hondarribiko Udalak, Bidasoa Bizirik garapen agentziak, Amuitz merkatarien elkarteak eta Kolore Kolore eta Eskuz Lan Bidasoko artisauen elkartearen laguntzarekin antolatuta, herriko 17 dendari, artisau eta eskulangilek parte hartuko dute. Iaz baino bat gehiago. 

Izan ere, azoka honen helburua, herriko komertzioaren lekuko izateaz gain, azken urteetan bertako artisauentzako merkaturatze gunea ere bilakatu da Estitxu Urtizberea, Merkataritza udal ordezkariaren esanetan. «Sortzaile, artista eta eskulangile askok ez dute denda fisiko bat saltzeko, eta herrian udan eta neguan antolatzen diren merkatuekin aukera hori ematen zaie», nabarmendu du. 

Helburu eta izpiritu horrekin onartu berri du udalak Merkataritza Biziberritzeko Plana. Eta Urtizbereak azaldu duenez, merkatuaren tendentzia orokorrei aurre egiteko erronka handia bada ere, Hondarribian komertzio txikiari eutsi ahal izan zaio. «Azken 10 urtetan denda batzuk galdu dira, baina oro har komertzio txikiak eutsi egin dio, eta datuek diote hondarribiarren erosketa ohituretan Interneteko plataformak eta merkataritza-zentro handien atrakzioak ez dutela hainbesteko eraginik izan herrian», azaldu du zinegotziak. Hala ere, izan tokiko dendari, izan artisau eta eskulangile, «guztion babesaren beharra dute» bere ustez, eta Hondarribiko Udalak ildo horretan lanean jarraituko duela hitzeman du.

Hurrengo urratsa, beraz, abenduaren 13an eta 14an egingo dute. Portua auzoko Santa Maria Madalena plazan karpa handi bat instalatuko dute, eta goizeko 11:00etatik zabalik, iaz bezala musika zuzenean, eta txikientzako gabonetako eskulanen tailerrak ere proposatuko dituzte herriko sortzaileen eskutik. Larunbatean gabonetako galletak apaintzeko tailerra Garua okindegiak antolatuta, eta AG Caligrafiak gabonetako izeia apaintzekoa. Eta igandean, aldiz, Maio Estudiorekin. Eira & Beñatanks binilo-jartzailea eta Nuria Cullak jarriko dute zuzenezko musika. Eta Estitxu Urtizbereak aurreratu duenez, hotz-sasoia denez, karpa berotua izateaz gain, txokolate beroa banatuko dute bisitarien artean. Baita erosleen artean, hainbat sari ere.

Merkatuan aurkituko diren denda eta proiektuak: Artkham Creations, AG Caligrafía, Amuitz, Axalian tailer kreatiboa, BANAKA, Bale Urdina, Canela, ena, Ittoitta, KAPEN, La Nueva, Lohiart keramika, Maore Sagarzazu, Ongi Etorri, Osoki, wear banzai / Judas Arrieta, 4eta2.