Hondarribiko Udaleko Turismo eta Merkataritza Sailak "2025eko Hondarribiko Gabonetako XV. Erakusleiho Lehiaketa" jarri du martxan, hiriko merkataritza sarea balioan jarri, eta establezimenduak parte hartzera animatuz, Gabon giroa herriko kaleetara zabaltzen laguntzen duten merkatariak saritzeko helburuarekin.
Parte hartu nahi duten establezimenduek abenduaren 12ra arte izango dute izena emateko aukera, Hondarribiko Udalaren webgunean eskuragarri dagoen Sarrera Erregistroaren bitartez. BAZen ere laguntza eskainiko dute izapide elektronikoa egiteko.
Establezimenduek abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra arte, biak barne, mantendu beharko dituzte gabonetako apaingarriak, eta epaimahaiak diseinua, erakusleihoaren sormena, eta irudi komertziala zein produktuaren aurkezpena kontuan hartuko du sariak banatzerako garaian. Erabakia abenduaren 19an jakinaraziko dute, eta udalak 450€, 300€ eta 200€ko hiru sari banatuko ditu.
Iaz, herriko hamar establezimenduk parte hartu zuten lehiaketan. Domingo Egia kaleko Benttu arrandegia izan zen Gabonetako Erakusleiho Lehiaketaren irabazlea. Bigarren postua, aldiz, San Pedro kaleko Ipotx goxoki-dendarentzat izan zen, eta hirugarren saria Itxola Garapen eta Zerbitzu Grafikoak dendak eskuratu zuen. Gainerakoan, Higer Optika, Andrea Opariak, Ilaia ile-apaindegia, Xera Estetika, Salón Belleza Babor, Ogi Berri Okindegia eta Boutique Canela dendak ere parte hartu zuten.