Itsu Kopla saioa Itsas Etxean Ane Labaka eta Sustrai Colinaren eskutik

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 11

Euskaraldiaren baitan Lankuk belarriprestentzako sortutako 'Itsu Koplak' ekimenaren aparteko saioa antolatu du Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Hondarribian. Abenduaren 14an, 17:00etan, Ane Labaka Mayoz eta Sustrai Colina bertsolarien eskutik bertso paperak modalitate tradizionalean ariko dira Itsas Etxean, euskara ikasten ari direnentzat egokituta.

Berez, Itsu koplak kanpotik datorren genero batean oinarritzen da, gure tradizioan bertso paperak baitira ezagunagoak genero honetan. Honi buelta eman eta irudiak, bideoak eta testuak erabiliko dituzte igandean Ane Labaka eta Sustrai Colinak bertsoak inprobisatzeko, eta Ekhiñe Zapiain Arlegi, Antxeta Irratiko kazetari eta bertsolari beratarra izango da gai-jartzailea. Antolatzaileak herriko 10-12 argazki edo horma-irudi aukeratzen ditu, bi bertsolarik irudi horiekin istorio bat osatzen dute kopla bidez. Euskara ikasten ari diren ikusleek, argazkia edo irudia aurrean izanda erraz jarraituko dute bertsolariek kopla bidez kantatuko dituzten bertsoak.

Garai berrietara egokituz, bertsolaritzaren tradizioa publiko anitzari erakartzeko, eta euskara ikasten ari direnentzako jostagarri izateko helburua du saioak. Izan ere, bertsolaritzaren ezaugarrietako bat bada lekura, ingurura eta mementora egokitzeko gaitasuna. Eta askotan neurri laburrak eta bixiak lagun-arterako erabiltzen ditugun ariketak dira: koplak, zortziko txikia, puntutan. Euskarara hurbiltzen ari den jendearentzat oso egokiak diren neurriak dira.