Muliateko 4 familia etxetik atera behar dituzte hezetasun arazoak konpondu bitartean

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 12a

Euskal Herrian egurrezko estrukturarekin eraikitako "energia kontsumo urriko" aurreneko etxebizitza hauek erreferente bilakatu ziren 2016an, VISESAk eraiki zituenean. Orain sortu diren hezetasun arazoak konpontzeko lanak ez dira bertan bizitzearekin bateragarriak. Beraz, kaltetutako familiei alternatibak bilatu dizkiete. Bere eskumena ez bada ere, Hondarribiko Udalak aukeran dauzkan baliabideak jarri ditu familia hauen eskura, etxebizitza eta haien etxeko puskak hustutzeko biltegia eskainiz. 

Hondarribiko Muliateko etxebizitza babestuetako 4 familia ordezko etxeetan kokatu beharko dituzte, etxebizitzetan azaldu diren hezetasun arazo larriak konpondu bitartean. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako Sailak jakinarazi duenez, 2017an eraikitako 65 etxebizitza babestu hauek konpontzeko zenbait jarduketa abian jarri ditu VISESA sozietate publikoak. Zehazki, Tximista kaleko 16. eta 18. zenbakietan eta Kandido Saseta plazako 1. eta 2. zenbakietan dauden eraikinetako gune batzuetan hezetasunak agertu direla antzeman ondoren, azken hilabeteetan patologia horien jatorria, eta etxebizitzak noraino dauden hunkituak aztertzeko lanak egin dituzte. Eta urtarriletik aurrera kaltetutako etxebizitzak konponduko dituzte.

Gogoratu beharra dago, etxebizitza hauek egurrezko estrukturazkoak direla. Europako Iparraldean aski hedatuak diren eraikuntza jasangarrien irizpideak segituz eraiki zituen Moyua enpresak, Egoin Wood Group enpresarekin lankidetzan, eta Tecnaliaren aholkularitzarekin. Baskegurren eskutik, Euskal Herriko basoetatik jasotako eta bertan ekoiztutako egurrarekin eginak, ingurumenaren aldekoa ez ezik, ekonomia zirkuitu laburraren aldeko parioa zela aditzera eman zuen Eusko Jaurlaritzak.

Garaiko Etxebizitza sailburuak, Iñaki Arriolak azpimarratu zuenez, «egurra zarata eta hotz zein beroarentzako isolamendu materialik onenetarikoa da, eta energia kontsumo oso urriko etxeak dira». Txomin Sagarzazu orduko alkateak ere «eraikuntza teknika berriak plus bat» ematen ziola nabarmendu zuen, eta horrelako eraikuntza gehiago sustatzeko prest azaldu zen, Hondarribia aitzindaria zela gogoratuz. Izan ere, Muliateko 65 etxebizitza publiko hauek, Kanadako Vancouver hirian eraikitako Columbia Unibertsitateko ikasleentzako egoitzaren eredua jarraituz egin zituzten.

Baskegurrekin lankidetzan, egur kontralaminatuzko egitura duten aurreneko etxebizitzak dira Euskal Herrian.

Bistan da, zerbait ez dela atera ongi. Izan ere, 2016an hasitako eraikuntza izanik, hezetasun arazo larriak dituzten hainbat etxebizitza daude gaur egun. Joan den azaroaren 7an bizilagunekin egindako bileran, VISESAk eta Hondarribiko Udalak etxebizitzetan egindako monitorizazio azterketen berri eman zieten bertatik bertara. Eta bileran azaldu zitzaien bezala, aurreikusitako lanak behar bezala egitea ez da bateragarria etxebizitzetan bizitzen jarraitzearekin. Hortaz, pertsonen segurtasuna eta lanak arintzeko, beharrezkoa izan da zenbait bizilagunentzat ordezko bizitokia bilatzea aldi baterako.

Orain artean, 4 familia etxetik atera behar izan dituzte. Eta bere eskumena ez bada ere, Hondarribiko Udalak eskura dituen baliabide guztiak eskaini die kaltetutako bizilagunei, aldi baterako etxebizitza alternatiboaz gain, hustu beharreko etxearen puskak gordetzeko biltegia ere eskaini die. Konponketa lanek aurrera joan ahala, baliteke familia gehiagok haien etxea denboraldi baterako utzi behar izatea.