Hondarribiko sortzaile eta dendari txikien onena bildu da Madalen plazan

Koldo Nausia 2025eko abenduaren 15a

Hondarribiko dendariekin batera, herriko eskulangile eta sortzaileen ekoizpen originalez hornitutako aparteko azoka ospatu dute asteburuan, laugarren urtez Santa Maria Madalena plazan. Aurtengo 17 postuetako zenbait partaiderekin hitz egin dugu ondoko erreportaian. Udalak, Bidasoa Bizirik, Amuitz merkatarien elkartea, Kolore Kolore eta Eskuz Lan Bidasoko artisauen elkarteak bultzatuta, tailerrak, zuzeneko musika eta 100 euroko 16 erosketa-txartel ere zozkatu dituzte asteburuan.

Gabonetako erosketetan tokiko kontsumoa bultzatzeaz gain, herriko sortzaileen lanak ezagutzara eman eta komunitatea sortzeko helburuarekin, Hondarribiko Gabonetako Azoka ospatu dute joan den asteburuan. Hondarribiko Udalak, Bidasoa Bizirik garapen agentziak eta Amuitz merkatarien elkarteak, Kolore Kolore eta Eskuz Lan Bidasoko artisauen elkartearen laguntzarekin antolatuta, aurten herriko 17 dendari, artisau, eskulangile eta artista bildu ditu azokak, iaz baino bat gehiago. 

Aurten 17 postuk osatu dute eskaintza, eta azken urteetan baino bezero eta bisitari gehiago bildu ditu azokak.

"Gabonetan ere bihotzarekin erosi, bertan kontsumitu" lelopean, laugarren urtez karpa berotu baten azpian ospatu dute Santa Maria Madalena plazan. Izan ere, sendotu egin den hitzordua dela dirudi, eta parte hartzen duten merkatari eta sortzaileek, saltzeko ez ezik «herria girotzeko eta herriko sortzaileen lana ikusarazteko» probesten dutela aitortu digute. Haurrentzako tailerrak eta Nuria Culla jazz abeslaria bezalako zuzeneko musika emanaldiekin girotuta, 100 euroko 16 erosketa-txartel ere zozkatu dituzte bezeroen artean.

Nuria Culla abeslari donostiarrak girotu zuen igande arratsaldea azokan emandako zuzenekoan. 

Funtsean, bisitariak erakartzeko helburua badu ere, bereziki herriko jendeak gabonetako opariak bertan erosteko ohitura har dezaten helburu du hitzorduak. Merkatari eta herriko sortzaileen helburua, aldiz, ahal den neurrian saldu, baina herria girotzea ere izan dela diote. Batzuk denda fisikoa dute herrian bertan, baina beste askorentzat, berriz, azoka haien produktuak merkaturatzeko eta ezagutzara emateko aukera ezin hobea da. Batzuk beste denda batzuetan topa ezin daitezkeen produktuak eskaintzen dituzten bitartean, sortzaile askok haien hoberena eskaintzen dute, seriez kanpo edota ale soilak eta originalak.

Azokan izan gera eta zenbait postuetako partaideekin hitz egin dugu ondoko erreportaian.