Hondarribiko erraldoiak balioan jarri eta bizi-bizi daudela erakusteko liburua plazaratu berri dute

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 29a

Ane Zubeldiak eta Irantzu Barrondok Hondarribiko Udalaren laguntzarekin argitaratutako "Erraldoi bizi-biziak" haurrentzako liburua salgai jarri dute 6 eurotan, Sokoa eta Artzu liburu-denetan, eta Arma Plazan. Herriko Izugarriak elkarteko erraldoien tradizioa balioan jartzen duen argitalpena, abenduaren 13an aurkeztu zuten Itsas Etxean ospatutako Euskal Azokan.

Abenduaren 13an Itsas Etxean ospatutako Euskal Azokan egileek beraiek aurkeztu zituzten liburuen artean, "Erraldoi bizi-biziak" izeneko haur literatura argitalpenaren berri eman zuten Ane Zubeldiak eta Irantzu Barrondok. Hondarribiko Udalaren laguntzarekin plazaratutako kontakizun ilustratua, 0 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta Hondarribiko erraldoien tradizioa balioan jartzeko helburuarekin egindako lana dela aitortu dute egileek.

Azoka egun hartan ez ezik, "Erraldoi bizi-biziak" salgai jarri dute Sokoa eta Artzu liburu-dendetan, baita Arma Plazan ere, 6 eurotan. Antxeta Irratian egindako elkarrizketan azaldu dutenez, Bidasoaldean erraldoien loraldi bat bizi izan dute ondoko herrian, Irunen, azken urteetan. Izan Irungo Atsegina elkarteko erraldoien zaharberritzearekin, izan Ondare kultur elkarteak sortutako Irungo iruditerian oinarritutako pertsonaiei esker. «Inguruko herrietan erraldoiei buruzko ipuinak, panpinak eta bestelako materiala sortu dira arrakasta handiz, baina Hondarribian ere badugu belaunaldi berriei zer erakutsi», dio Irantzu Barrondok. 

Alde horretatik, Ortzi Alonso Kultura zinegotzia argitu duenez, egileen ekimenez sortu zen proiektua, eta udalak babestu beharra zegoela pentsatu zuen. «Irantzuk eta Anek ideia honekin jo zuten guregana, eta Kultura Sailetik aztertu ondoren, oso proposamen erakargarria iruditu zitzaigun. Are egokiagoa, kontuan hartuta Izugarriak Elkartearen 30. urteurrenarekin bat datorrela», adierazi du. Ramon Iridoy Izugarriak Elkarteko kideak erraldoien jatorria eta historia ezagutzeko bere hondar alea jarri du lan honetan, eta egileek eskertu dute. Iridoy bere partetik pozik agertu da emaitzarekin, eta azpimarratu duenez, «Izugarriak elkartearentzat altxor txiki bat izateaz gain, Hondarribitik harago ere jakingo da existitzen garela».   

Hondarribiko erraldoiak gure ondarearen parte direla nabarmendu du Kultura zinegotziak, eta hiriaren aniztasun soziala ezin hobe jasotzen duela. Izan ere, baserritar, portuar eta kaletarren arteko errealitatea ageri da, Hondarribiaren izaera bera irudikatuz.

Gainera, "Erraldoi bizi-biziak" liburuak, gainera, izaera parte-hartzailea du. Egileek azaldu dutenez, etxeko txikienek marrazteko, euren argazkiak txertatzeko eta istorioan modu aktiboan esku hartzeko aukera dute. «Lehen orrialdeetan erraldoiak aurkezten ditugu, eta kontakizunean zehar bizia hartzen dute, errealitatearen eta fikzioaren artean jolasean. Pertsonaiek ez dute izenik, izan ere, ipuineko benetako protagonistak haurrak dira, ez da heldurik ageri ipuinean», argitu dute.