Inoizko San Silbestre solidariorik jendetsuena izango da aurtengoa Hondarribian

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 29a

Sport Mundi erakundeak antolatutako San Silbestre lasterketarako 2.500 dortsalak joan den astean agortu ziren. Antolakuntzak 2.300 korrikalarien langa ezarri zuen aurten, baina aurreikuspen guztiak gainditu dituzte, eta Nagusilan elkartearen aldeko aurtengo edizioak inoizko markarik handiena egingo du, hautatu gabeko bakardade egoeran dauden adinekoak laguntzeko.

Abenduaren 31n (16:30ean) bere 16. edizioa egingo du lasterketa honek, eta betiko moduan, helburu solidarioa izango du. Aurtengo lasterketan dortsalen salmentarekin bildutako diru guztia Nagusilan elkartera bideratuko dute, Arantxa Garin, elkarteko ordezkariak argitu duenez, «aukeratu gabeko bakardade egoeran dauden adinekoei laguntzeko, zilarrezko haria proiektua diruztatzeko». Azaldu duenez, 1995ean elkartea sortu zenetik adineko pertsonen akonpainamenduan ibilbide luzea egin du elkarteak. Eta gaur egun ia 2.000 boluntario mobilizatzen ditu, izan adineko egoitzetan bisitak eginez, izan etxean bakarrik bizi diren adineko pertsonak laguntzen.

Kasu honetan, lasterketari esker bilduko den dirua 2000. urtetik martxan duten "Zilarrezko haria" proiektua laguntzeko bideratuko dute. «Hautatu gabeko bakardadea pairatzen duten 150 adineko pertsona daude zerbitzu honen telefono deia jasotzen dutenak gaur egun, eta haientzat babes eta laguntza handia suposatzen du norbait haietaz kezkatzea», dio Garinek.  

Lasterketari dagokionez, ohiko ibilbidea izango du aurtengoan ere. San Pedro kalean abiatu eta bertan izango du helmuga, herrian zehar 6 kilometroko ibilbidea egin ondoren. Hondartzako aparkalekuraino joan eta itzulian Butroi eta Bidasoa pasealekuetatik Puntaleraino joango da, ondoren Zumardi aldamenetik Kale Nagusian gora Alde Zaharra zeharkatuz.

Hondarribiko Udalak gogoratu duenez, trafikoa eten egin beharko dute, baina lasterketak irauten duen denboran besterik ez dira murrizketak izango. Udaltzaingoak seinaleztatuko ditu ibilbide alternatiboak, eta lasterketaren eragin aipagarrienak hauek izango dira: 

  • Foru kaleko Itsasargirako sarrera itxi egingo dute.  
  • Bentako aparkalekuaren irteera eta sarrera itxi egingo dute lasterketa irauten duen bitartean.   
  • Zumarditik ezingo da trafikoa pasa Puntal auzora.  
  • Kale Nagusian trafikoa debekatuta egongo da.