Urtarrilaren 19an zabalduko dute inauterietako lehiaketetan parte hartzeko epea Hondarribian

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 13a

Hondarribiko Udaleko Kultura Sailak Inauterietako kartel lehiaketa eta karroza zein konpartsen lehiaketa antolatu ditu, herria girotzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin. Inauteriak iragarriko dituen kartelak 450 euroko saria jasoko du, eta lanak urtarrilaren 19tik 23ra entregatu behar diren bitartean, desfilerako karroza eta konpartsek urtarrilaren 30a dute azken eguna izena emateko. 

Urtero bezala, inauteriak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu dute, eta argitu dutenez, lanak urtarrilaren 19tik 23ra aurkeztu beharko dira, BAZen (Javier Ugarte kalea 6), bulegoaren ohiko ordutegian. Teknika librea erabili ahal izango da (margoa, marrazkia, collagea edo bestelakoak), betiere aurkeztutako lanak jatorrizkoak badira. Kartelek 70 x 50 zentimetroko neurria izan beharko dute, formatu bertikalean, eta honako lema hau jaso beharko dute nahitaez: “HONDARRIBIA – INAUTERIAK 2026”.

Beste zenbait baldintza bete beharko ditu kartelak ezinbestean, «irudien erabilera ez-sexista, inklusiboa eta ez-arrazista» bermatu beharko dela azpimarratu du udalak. Eta bereziki pertsonen irudiak erabiltzen direnean, «emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea islatu beharko da».

Kartel irabazleak 450 euroko saria jasoko du, eta esan bezala, lan hori izango da 2026ko Inauteriak iragartzeko erabiliko den kartel ofiziala herriko leku publikoetan.

Hondarribiko Udalak iragarri duenez, sari banaketa otsailaren 16an (19:30ean) egingo dute udaletxeko areto nagusian. Eta aurkeztutako lan guztiak Arma Plazan otsailaren 9tik 16ra antolatuko duten erakusketan jendaurrean ikusgai egongo dira.

Inauterietako desfilea

Bestalde, karroza eta konpartsen lehiaketa adin eta nazionalitate guztietako pertsona eta taldeei irekita dago. Eta hainbat kategoriatan banatuko dute lehiaketa, parte-hartzaileen kopuruaren arabera. Udalak argitu duenez, konpartsek ez dute gutxieneko neurririk edo baldintza berezirik bete behar, baina honako kategoriak ezarri dituzte horren arabera: pertsona bakarrekoa (A taldea), 2 eta 5 lagun artekoa (B taldea), 6 eta 15 lagun arteko konpartsa (C taldea) eta, azkenik, D kategoriakoak, 15 lagun baino gehiagokoak. Kasu honetan, D taldean, gehienez ere 15 konpartsek parte hartu ahal izango dute, eta Hondarribiko taldeek lehentasuna izango dute.

Hori kontuan hartuta, D kategoria bi azpitaldetan banatuko dute. Hondarribian erroldatutako talde antolatuak batetik, edo parte-hartzaileen gutxienez %71 Hondarribian erroldatuta edo herrian jaiotako pertsonek osatutakoak. Eta Hondarribitik kanpokoak direnak, egoitza soziala Hondarribian ez duten talde antolatuak, edo parte-hartzaileen %70 edo gutxiago Hondarribian erroldatuta edo jaiotakoak dituzten taldeak.

Karrozen kasuan, berriz, ez dute neurriari dagokion baldintza zehatzik ezarri. Ibilgailu baten gainean eginak edo atoian eramandakoak izan daitezke, eta soinu-ekipoa erabiltzea baimenduta egongo da.

Lehiaketa batean zein bestean parte hartu nahi duten taldeek urtarrilaren 19tik 30era izena eman beharko dute Hondarribiko Udalaren webguneko Sarrera Erregistroaren bidez, edo BAZ bulegoan.