Hegaldi gehiago baina %3 bidaiari gutxiago izan ditu 2025ean Hondarribiko aireportuak

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 14a

Hondarribiko aireportuak bere historian izandako daturik onenak jaso ditu azken hiru urteetan, baina aurten nekez eutsi ahal izan dio hazkunde bilakaera etengabeari. 2024an 486.494 bidaiariekin erregistro historiko guztiak apurtu ondoren, 2025ean %3ko beherakada izan du, baina 472.666 erabiltzailerekin inoizko hirugarren urterik onena osatu du. 2023a, aldiz, bigarren urterik onena izan zen, 474.140 bidaiarirekin.

AENA erakundeak asteartean plazaratutako 2025eko datuen arabera, iaz hegaldi gehiago programatu zituen Hondarribiko aireportuak, baina okupazio maila apalagoa izan dute oro har. Izan ere, 32.141 erabiltzailerekin aurreko abenduan baino %9,9 bidaiari gehiagorekin itxi du urteko azken hilabetea, baina martxoa eta urriko hilabeteekin batera salbuespenak izan dira, urteko gainerako hilabete guztietan 2024an baino bidaiari gutxiago jaso baititu. Salbuespen horiek oinarri zehatzak izan zituzten, martxoan Reala-Manchester United partidari esker gorakada nabarmena jaso zuelako, eta urrian ezohiko hegaldi kopurua programatu zutelako, batez bestekoa baino %21 gehiago.

Hain justu, urteko datu metatuari erreparatuz gero, 2025ean %7,8 operazio gehiago jaso zituen aireportuak, guztira 6.482. Beraz, aireratze eta lurreratze gehiago izan badira ere, bidaiari kopuruak behera egin du, eta bereziki udan jasan du galerarik handiena. Urte batetik bestera apaldu den 13.828 erabiltzaileen zifra horretatik, 10.151 ekaina eta iraila artean galdu baititu. Alde horretatik, Valentzia eta Tenerifeko hegaldiek 2024an Mediterraneoko hegaldiek baino bidaiari gutxiago ekarri dituzte. Eta bestetik, okupazio mailarik altuenak izan ohi dituzten Madrilgo eta Bartzelonako zenbait lotura galdu zituen iaz.

Nolanahi ere, AENAk eta Ortzibiak aireportuaren sustapenerako hegaldi berriak erakartzeko neurriak hartu ditu azken hamarkadan, eta aireportua modernizatzeko eta bere etorkizuna bermatzeko apustua berretsi dute agintariek hainbatetan. Horri esker, Hondarribiko aireportuak bere historiako boladarik onena bizi du 2023 urtetik. Eta 2014an bizi izan zuen krisi betean lortutako 245.422 bidaiarien aldean, hegaldi berriek hazkunde iraunkorra ekarri dute.

Horren irudiko dugu, hegazkin konpainien eskaintza zabaltzen ari dela Hondarribian. Madrilgo (Iberia) eta Bartzelonako (Vueling) ohiko hegaldiez gain, Las Palmaseko (Binter) eta Londresko Cityflyer-British Airways konpainiek ere euren zerbitzuari eutsi diote iaz. Horretaz gain, martxoaren amaieran Binterrek Tenerife Iparraldearekin zuzeneko konexioa berriro martxan jarri zuen. Eta joan den apirilean, Voloteak bere jarduna indartu zuen. Malaga eta Sevilla helmuga gisa berrabiaraziz, eta Palma de Mallorca eta Menorca gehituz. Era berean, Valentzia edota Edinburgorako hegaldi eskaintzak ere probatu dituzte urtean zehar.