Zumardiko platanondoak kimatzeko lanak gaur hasi dituzte

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 15a

Gaur hasi eta hilaren 16an, 19an eta 20an kimatuko dituzte 200 urte baino gehiago dituzten Zumardiko platanondo zaharrak. Horren ondorioz, aparkalekuaren erdia itxita egongo da egun horietan, inausketa lanak egiten ariko diren beste aldeko zatia erabilgarri mantenduko baitute.
 
 
 

Urteroko kimaketa lanak azaroaren 13an hasi zituzten Hondarribian, San Pedro kaleko platanondoekin. Aurretik, urria bukaeran eskoletan esku-hartu eta gero, hirigunean dauden 1.500 bat zuhaitz kimatuzeko lanek luze jo dute gero, Biteri, Bernart Etxepare, Soroeta edota Alde Zaharreko zuhaitzak kimatuz. Gaur, aldiz, Zumardiko platanondoak inausteko lanak hasi dituzte, eta lorazainek garabia behar dutenez, bertan aparkatzeko murrizketak ezarri dituzte lanak amaitu bitartean. Hondarribiko Udalak aditzera eman duenez, urtarrilaren 15ean, 16an, 19an eta 20an (osteguna, ostirala, astelehena eta asteartea) zuhaitz-kimaketa lanak egingo dira Zumardian. Eta horren ondorioz, aparkalekuaren erdia itxita egongo da egun horietan, kimaketa lanak egiten ariko diren beste aldeko zatia erabilgarri mantenduko baitute. 
 
Gaixorik egon daitezkeen zuhaitzak identifikatzeaz gain, hiriko kaleetan segurtasuna bermatzeko kimatu ohi dituzte adarrak urtero.
 
Zumardiko zuhaitz historikoak
 
Alde horretatik, Zumardiko zuhaiztia ez da nolanahikoa. Pilar Berqued ikerlariak 2010ean Parjap aldizkarian plazaratutako azterlan baten arabera, Zumardian (Alameda) landatutako aurreneko zuhaitzen aipuak 1740 urtekoak dira. Bertan lizarrak landatu zituzten orduan, baina hauek lehortu eta 1754. urtean ordezkatu egin zituzten. Urte hartan eremua hesitu egin zuten lehen aldiz, ardiak bazkara sar ez zitezen.
 
Hondarribiko Udal Artxibategiko agiriek jasotzen dutenez, 1796. urtean frantsesen eraso batek suntsitu zituen zuhaitz gehienak, eta 1819. urtean eremua txukuntzeko proiektu bati esker, gaur egungo itxura hartzen hasi zuen Zumardiak. Urte hartan eremua horma batez inguratzea erabaki zuten, eta Baionan erositako 120 platanondo landatu zituzten 828 errealen truke. Landaketa apirilaren 19tik abuztuaren 24ra bitartean egin zuten.
 
Hartara, 2018 urtean platanondo hauek 200 urte betetzear zeudela probestu zuen Arma Plaza Fundazioak "Ezagutu Zure Hiria" ekimenaren baitan Zumardiari buruzko bisita egiteko. Gabriel Iguiñiz adituarekin egin zuten bisita, eta 40 lagun inguruk parte hartu zuten. Hondarribiarren artean Zumardiak pizten duen interesaren seinale. Adituen arabera, bi mende eta gero, 120 platanondo hauek "organismo bakarra" osatzen dute dagoeneko, sustraien bidez elkartuta daudelako, eta zuhaitzek elkar babesten dute.