Fakenews fenomenoa identifikatzen eta IA arduraz erabiltzen ikasteko erronka onartu du Egiluze Ikastetxeak

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 22a

Adimen Artifizialaren (IA) eta teknologia berrien erabilera debekatu beharrean, erabilera egokia egiteko mugak non ezarri eta izpiritu kritikoa sustatu nahi dute Egiluzen. Argitu dutenez, desinformazioa inoiz baino azkarrago zabaltzen den garai hauetan, alfabetatze digitalaren arloan aitzindari diren hezkuntza zentroen artean kokatu da Hondarribiko ikastetxea. Bere Plan Digitalean eta Tutoretza Ekintza Planean «haur eta nerabeen iritzi kritikoa, autonomia eta Interneten erantzukizunez nabigatzen ikasteko» helburuak integratu dituzte.

Pantailen erabilera mugatzera bideratu ohi den eztabaida publikoaren aurrean, gaia asmo handiagoko ikuspegi batekin lan egitea erabaki du Hondarribiko Egiluze Ikastetxeak. Debekatu beharrean, teknologia berrien erabilera arduratsua egiten irakasteko erronka onartu dute. Eta ikasturte honetan, ikasleek irudi, bideo edo gomendio algoritmo bakoitzaren atzean zer dagoen ikasten ari dira, eta horrek nola eragiten duen informatzeko, harremanak izateko eta erabakiak hartzeko garaian.

Alde horretatik, fakenews-ak, manipulazioa eta arrisku-seinaleak identifikatzen ikasteko trebatzen ari dira ikasleak. Eta adinaren araberako dinamika praktikoak egiten ari dira, egoera errealak ingurune seguru batean bizitzeko aukera eskaini nahian. Ikastetxeko ordezkariek azaldu dutenez, irudien, bideoen eta argitalpenen analisi kritikoa, fakenews-en eta manipulatutako edukien identifikazioa, deepfake-en sarrera eta alterazio digitalaren seinaleak nola antzeman, ziber-jazarpenaren eta arrisku-portaeren detekzio goiztiarra, pribatutasunari, identitate digitalari eta esposizio publikoari buruzko eztabaidak, eta elkarrizketa digitalen simulazioak egiten dituzte ikasleekin. 

Programa berritzaile honen helburua ikasleek ikuspegi kritikoa garatzea da. Izan ere, zurrumurruen biralizazioa, errealitatea desitxuratzen duten iragazkiak edo ikusten duguna eta ikusten ez duguna baldintzatzen duten algoritmoak eguneroko errealitatea dira gaur egin Internet eta sare sozialetan nabigatzerakoan. Eta zentzu horretan, alfabetatze mediatikoan erreferenteak diren herrialdeen ildo beretik, Egiluzek IA ikaskuntzaren ardatz nagusi gisa txertatu duela azpimarratu dute. «Ikasleek tresna hauek nola funtzionatzen duten, zer aukera eskaintzen dituzten eta irizpiderik gabe erabiltzeak zer arrisku dakartzan ezagutzen dute», argitu dute.

Hau guztia lantzeko metodologia proaktiboa dela azpimarratu dute. «Sortzea, ikertzea eta arazoak konpontzea» eskatzen zaie ikasleei, eta kaltegarriak izan daitezkeenen artean bereizten ikasten dutela diote irakasleek, hala nola «desinformazioa, mendekotasuna edo IA bidez sortutako edukien erreprodukzio akritikoa». Argitu dutenez, IA saihestu beharrean, noiz eta nola erabili jakitea da gakoa, eta mugak non ezarri. Hartara, programa aintzindari hau eskolan ez ezik, etxean ere eragin nahi du. Horretarako, familiek ere parte hartzen dute tailerren, jarraibideen eta hausnarketa-guneen bidez.