Argazkigintzaren topagune bilakatuko da Hondarribia otsailaren 28tik martxoaren 1era

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 22a

2018tik 2022ra bitartean ospatzen zen Euskalphoto argazkigintza kongresua eguneratu egin dute Hondarribian, eta adierazpen artistiko honetan erreferentziazkoa zen hitzordua etorkizunera begira jarri da. Hondarribiko Udalaren laguntzarekin "BEGIRADA" jardunaldia antolatu dute. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, bi egunez, Hondarribia argazkigintza eta kultura bisualaren topagune bilakatuko da, profesionalentzat zein zaleentzat ere. Haur eta familientzako jarduerak, eta goi mailako hitzaldi eta mahainguruak izango dira profesionalentzat. 

Itsas Etxean egindako aurkezpenean, Ortzi Alonso Kultura eta Herri Nortasunerako zinegotziak kongresuak duen nortasun berritua nabarmendu du. «Ez da hutsetik hasten den hitzordua, Euskalphoto kongresua egiten zelako, baina ikuspegi garaikidea eta berrituarekin dator, eta Hondarribiko ekosistema kulturala sustatzeko ahaleginetan ari garen honetan, eskertzekoa da antolatzaileek egindako apostua», azpimarratu du Alonsok. 

Alde horretatik, «herritarrak kultur arloan ikusle izatetik eragile izatera» pasa daitezen bilatzen ari da udala. Eta Polborina eta Maddalen Arte Garaikidea bezalako espazioak berreskuratu eta bertako artista eta sortzaileen esku jarri dituzten bezala, adierazpen eta diziplina artistiko guztietan herria aktibatu nahi dutela aditzera eman du udal ordezkariak. Hartara, argazkigintza eta irudiaren arloan, proiektu honen bultzatzaileen artean daude Alvaro del Val, Gabriela Cendoya eta Estitxu Ortolaiz, argazkigintzaren eta kultura bisualaren esparruan ibilbide sendoa duten profesionalak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, egitaraua oparoa eta anitza izango da, eta "Begirada" jardunaldiak arreta berezia jarriko du gazteen eta haurren parte-hartzean, argazkigintza kalera ateratzeko borondate argiarekin. Jarduerak elebidunak izango dira, euskarari lehentasuna emanez, eta publiko anitzari zuzenduta egongo dira: profesionalak, zaleak, gazteak, haurrak eta familiak.

Era berean, egitarauak argazkigintza garaikideko izen esanguratsuak bilduko ditu Hondarribian. Estitxu Ortolaizek azpimarratu duenez, «maila handiko ponentziak izango dira, gaur egungo begirada kritiko eta konprometitua eskainiz». Iragarri dutenez, besteak beste, Juan Manuel Castro Prieto, José Manuel Navia, Anna Surinyach, Sofía Moro, Yosigo eta Idoia Unzurrunzagak parte hartuko dute antolatutako hitzaldi eta mahainguruetan. Kongresurako sarrerek 30 euroko prezioa izango dute, ponentzietan sartu ahal izateko. 

Argazkizale, haur eta familientzat ekintzak

Hortaz gain, publiko zabalari zuzendutako jarduera irekiak ere izango dira. Martxoaren 1ean, igande arratsaldean, Portfolio ikustaldia egingo da San Pedro kalean kokatutako argazki-erakusketarekin batera. Aditzera eman dutenez, elkarrizketa pausatua, entzuketa aktiboa eta hausnarketa partekatua sustatzeko espazio gisa planteatua dago, sortzaile berrien eta sektoreko profesionalen arteko topagune gisa. Eta herritarrei irekitako hainbat jarduera, esperimentaziorako tailer praktikoen programazio batekin. Proposamenen artean gazteentzako tailerrak, irudiak hobeto sortzen ikasteko eta sare sozialetan duten eraginaz gogoeta egiteko, eta argazkigintza analogiko eta estenopeikoko esperientziak daude. 

Programazioa kalean egingo diren jarduerekin osatuko dela argitu dute, besteak beste, argazkigintza kimikoko eta laborategiko esperientzia batekin. Eta jarduera horrek aukera emango die parte-hartzaileei momentuan egindako eta errebelatutako erretratu bat etxera eramateko, irudiaren, hiriaren eta herritarren arteko lotura sendotuz. Tailerretan parte hartzea doakoa izango da, baina aurrez izena ematea nahitaezkoa da, plazak mugatuak direlako.