Espainiako estatuko eta Portugaleko zortzi udalerrik osatzen dute dagoeneko Erdi Aroko Hirien Sarea. Izan ere, Errioxako Santo Domingo de la Calzada ofizialki onartu berri dute partaide gisa. (FITUR) Turismoaren Nazioarteko Azokaren hitzordua aprobetxatu ohi dute kide guztiek urteko Batzar Nagusia egiteko. Eta bertan elkartu dira udalerri kideetako alkateak, haien artean, Igor Enparan Hondarribiko alkatea Erdi Aroko Sareko presidentea baita.
Gogoan hartu behar da, turismoari lotutako ekimen aitzindari hau 20 urtean Hondarribiko Udalak bultzatuta eratu zen, eta orduz geroztik, Erdi Aroko ondare garrantzitsua duten hainbat udalerrik ekimen amankomunak sustatzen dituzte, hiri eta herri hauen historia, arkitektura, kondaira eta literatura partekatuz. Turismoari lotutako ekimenak izanik ere, gastronomia eta kultura suspertzeko helburua ere dute. Hala, urtero antolatzen den Erdi Aroko Pintxo eta Tapa Nazioarteko Lehiaketa arrakastatsua. Aurten Gorka Irisarri (Danontzat) sukaldariak ordezkatu du Hondarribia Almazanen (Soria) ospatutako lehiaketan. Era berean, Red Corriendo el Medievo kirol turismoaren proiektua ere bada martxan dituzten proiektuen artean.

Sarearen presidente eta Hondarribiko alkate Igor Enparanek, ongietorria eman dio udalerri kide berriari, historian oinarritutako ondarearekin loturak sortzen jarraitzeak duen garrantzia azpimarratuz. «Erdi Aroko Hirien Sarea sendotzeko beharra dago, eta kide berriekin saretzeko eta kooperazio indartzeko konpromisoa dugu», azaldu du Enparanek FITUR azokaren Errioxaren erakusleihoan egindako ekitaldi protokolarioan, helburuak nabarmenduz «udalerri bakoitzak bere izaera badu ere, kalitatezko turismoa eta kulturaren sustapenarekin dugun konpromisoak batzen gaitu».
Gaur egun Hondarribiaz gain, Almazán (Soria), Lizarra (Nafarroa), Valencia de Alcántara (Extremadura), Laguardia (Araba), Marvão (Portugal), Sigüenza (Guadalajara) eta Santo Domingo de la Calzada (Errioxa) dira sareko partaideak. 20 urteotan, aldiz, gaur egun partaide ez badira ere, Consuegra (Toledo), Ciudad Rodrigo (Salamanca) edota Jerez de los Caballeros (Badajoz) ere sareko kideak izan ziren hainbat urtez.