Sastraka garbiketetan Jaizkibelgo historiaurreko aztarnak apurtzeko arriskuaz ohartarazi du Eguzki taldeak

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 26a

Hondarribiko paradore zaharraren inguruan dagoen zona megalitiko babestuan sastrakak garbitzeko makina astunak erabili dituztela salatu du Eguzki talde ekologistak. «Kalte larriak eta konponezinak» egin direla salatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari arduragabekeriaz jokatzea leporatzen diote, 2015ean eta 2021ean arrazoi beragatik trikuharri eta kareharrizko aztarnak hautsi eta gero, oraingoan ere ez dituztelako babes neurriak hartu.

 

Eguzki talde ekologistak berriro salatu du Jaizkibel mendian historiaurreko ondarea suntsitzeko arriskua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egin dio ohikoak diren sastraka mozketa lanetan babes-neurriak har ditzaten. Talde ekologistak azaldu duenez, hilabete honetan makina astunak erabili dituzte berriro, eta kalte larriak eta konponezinak eragin dira Jaizkibelgo Estazio Megalitikoaren eremuan. Oraingo honetan, paradore zaharraren inguruan dagoen gune megalitiko babestuan sastrakak garbitzeko lanetan aritu dira. Eta ekologistek diotenez, Jaizkibel Ondare Arkeologikoa arriskuan jartzen dute halako lanek.

Aldundiak edo partikularrek makineria astunarekin garbitzeko erabiltzen duten praktika horrekin amaitu beharra dagoela diote, «oraindik ez baitakigu zer ezkutatzen duen eremu horrek bere mantu berdearen azpian». Alde horretatik, Jaizkibelgo historiaurreko aztarnak kareharrizkoak direla, eta beraz, hauskorrak direla direnez makinen pisu hutsarekin hauts bilakatzeko arriskua dagoela nabarmendu dute «gure historiako orrialde interesgarri batzuk galduz».

Ez da aurreneko aldia halako garbiketetan aztarna historikoekin izandako begirune falta salatzen dutela. Izan ere, 2015ean trikuharri baten harrietako bat hiru zatitan hautsi zela salatu zuen Eguzki taldeak. Eta 2021ean, berriro salatu zuten hainbat harri birrindu zituztela. Ekologistek ez ezik, gertakari hauen aurrean, Abotsanitz udal taldeak ere informazio eskaera bana erregistratu zituen Hondarribiko Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian, azken erakunde honek 2021eko azaro bukaeran eta abenduko lehen egunetan Jaizkibel mendian egindako ohiko landare-mozketa lanetan makineria handiak «babestutako txilardietan eta ondare arkeologikoan» eragindako suntsipena argitu nahian. Eta 2015ean apurtutako trikuharriaren gertakaria ere salatu zuten publikoki. 

Egoera hau berriro errepikatu dela ikusita, Eguzki talde ekologistak Foru Aldundiari eta Kultura, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatuei eskatu die, Jaizkibelgo KBEaren Kudeaketa Plana (RN 2000) betetzeko eta finantzatzeko beharrezkoak diren bitartekoak jar ditzala, «batez ere basogintzari dagokionez, dauden pinu-landaketen ordez zuhaitz autoktonoak jarriz», eta eremu horretan sastrakarik kendu behar badute, «baliabide arinagoekin» izan dadila, egungo ondare megalitikoan eragin negatiborik ez sortzeko. Era berean, salatu dituzten lanen nondik norakoak argitzea eta horren ondorioz eragindako kalteen erantzukizunak eskatzen dituzte.