Koldo Rodriguez Akarregi zinegotziak dimisioa aurkeztuko duela jakinarazi du Hondarribiko EH Bilduk, «arrazoi profesional eta pertsonalak direla medio». Urtarrilak 29, ostegun honetako udalbatzan utziko du kargua. 2023-2027 legealdi honetan, bi urte bete dira EH Bildu Hondarribiko udal gobernu taldean sartu zenetik. Eta bide hau bi zinegotzirekin egin dute, Garoa Lekuona eta Koldo Rodriguezekin.
Orain, legealdia bukatzeko urte eta erdi baino gutxiago falta den honetan, azken honek kargua utzi eta udal hautetsi gisa «eskarmentua» duen kide batek hartuko du bere lekukoa. EH Bilduk aurreratu duenez, Karlos Gebara Manzak hain zuzen. Izan ere, EH Bilduren bozeramailea izan zen 2015-2019 legealdian. Eta 2019ko hauteskundeetan ere bosgarrena izan zen Xabier Isasi hautagaiarekin osatutako zerrendan.
Hondarribiko EH Bilduk Koldo Rodriguezek egindako lana eskertu nahi izan du ohar baten bidez, «postaletako Hondarribia albo batera utzi, eta Hondarribia euskaldunago, berdinzaleago, sozialago eta biziago baten alde» azpimarratu dute.