"Nor naizen baneki" antzezlana taularatuko dute Itsas Etxean igande honetan

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 28a

Axut eta Artedrama konpainiek urrian Luhuson estreinatutakoa, Nork bere buruari eta Euskal Herriaren historiari begiratzen dion obra taularatuko dute igandean, otsailak 1 (19:00etan), Itsas Etxean. Ostiralean eta larunbatean, aldiz, "Irabazi Arte!' telesailaren aurrestreinaldiak eta Korrika Kulturaleko "Kaka" antzezlanak borobilduko dute Hondarribiko asteburuko eskaintza kulturala.

Axut eta Artedrama konpainiek elkarlanean joan den urrian Luhuson aurkeztutako "Nor naizen baneki" antzezlana taularatuko dute Hondarribian, otsailak 1, igandean (19:00etan). Nork bere buruari eta gure herriari begiratzeko parada izango dela diote obraren egileek. Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs istorioa idazten hasteko txinparta Irulegiko Eskua izan zen. «Gizartearen idazkariak» direla uste du antzerkigile baxenabartarrak, eta brontzezko eskuak izandako garrantzia azaldu digu: «Irulegiko Eskuarena gertakari handia izan zen, arkeologikoa, baina soziologikoa ere. Euskal komunitatearen harrotasuna berpiztu ziren». Eta ebidentzia bat egiaztatu zela uste du, modu batean edo bestean izendatu, «aspalditik hitz egiten dela euskaraz».

Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreen eskutik, Itsas Etxeko antzokian topatutako objektuen istorioak, arkeologoen istorioak, eta Irulegiko Eskuaren garaitik gaur egunera arteko loturak kontatuko dizkigun antzerkiak, jauzika eta dantzarekin uztartuz. Izan ere, antzezlearen eta arkeologoaren arteko antzekotasunak ikusten ditu Idoia Tapia antzezleak ere. «Beraiek arrasto humanoak interpretatzen dituzte eta guk bizitzan ikusten ditugun gauza batzuk interpretatzen ditugu, gero herriari transmititzeko», dio. Ximun Fuchsen ustez, arazoak ere berberak dituzte biek: denbora eta dirua. «Arkeologia, kultura bezala, prekaritate handi batean bizi da. Artea edo zientzia euskaraz egitea oso konplikatua da».

Aitortu dutenez, gainera, Aranzadi Elkartearekin aritu dira haien lanaren inguruan gehiago jakiteko asmoz. «Interesgarria izan da, induskatzaile eta koreografoen artean elkar elikatze bat egon delako, eta uste dut eman dizkigula indusketarako klabeak». Gorputzak ere ikasi behar izan du, eta hori ere landu dute induskatzaile zein koreografoekin.

Ideia hauek guztiak aintzat hartuta, "Nor naizen baneki" istorioak antzokia eta historia induskatzen ditu. «Antzoki bat erauntsi nahi da aparkaleku bat egiteko, baina eraikin publikoak desegiten direnean behartuak dira indusketa prebentibo bat egitera, eta hori da istorioaren funtsa», kontatzen du Fuchsek. 

Gehiago jakin nahi duenak, aldiz, otsailaren 1ean Hondarribiko Itsas Etxera hurbildu beharko da indusketan laguntzera. Sarrerak 8 eurotan eskura daude Arma Plazan (4 eurotan 18 urtez azpikoentzat), Interneten hemen edota egunean berean 17:00etatik aurrera Itsas Etxeko leihatilan. 

Asteburu borobila

Haatik, honakoa ez da Hondarribian asteburu honetan proposatuko duten kultur hitzordu bakarra. Izan ere, Korrika Kulturalaren proposamen nagusia Euskal Herriko antzokietan bira eta bira dabil dagoeneko, "Kaka" obra. Bidasoaldean motorrak berotzen hasteko Hondarribian taularatuko dute, urtarrilaren 31n (19:00etan) Itsas Etxean. Sarrerak 5 eurotan HEMEN salgai dituzue. Aurrez aurre Arma Plazan, eta egunean bertan Itsas Etxeko leihatilan emanaldi hasi baino bi ordu lehenago. 

Era berean, ostiralean, “Irabazi arte!” telesailaren 5. denboraldiko lehen kapituluaren aurrestreinaldia proiektatuko dute Alde Zaharreko Kultur Etxean. Gazteen artean duen arrakasta kontuan hartuta, bi saio egingo dituzte, 18:00etan (sarrerak agortuta) eta 19:15ean, eta gonbidapenak hemen eskura daitezke.