Hondarribiko Udalak aditzera eman duenez, guztira 15 proposamen aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta epaimahaiak hainbat irizpide kontuan hartu ondoren, sormena, originaltasuna, jai-izaeraren transmisioa eta kalitate artistikoa, Andrea Villamor Sanchezen “Inauterietan sardinak hegan!” lana aukeratu du. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak argitu duenez, «ilustrazioa akuarelaz egina da, eta Inauterien izaera alaia eta irudimentsua modu original eta erakargarrian islatu ditu. Kolorea, teknika, euskal kultura eta inauterien espiritua uztartzen ditu».
Hori guztia aintzat hartu du epaimahaiak lan hau nabarmentzeko. Ortzi Alonso, Kultura zinegotziak; Koro Bidaurreta eta Tzane Carrillo, Emeki Elkarteko kideek; Javier Sagarzazu Garaikoetxea artista plastikoak, eta Maddi Carton Etxeberria, kultura, turismo eta merkataritza teknikariak osatu dute. Oro har, aurten jasotako lanen maila bikaina nabarmendu dute. Eta urtero bezala, lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa publikoa otsailaren 9tik 16ra bitartean antolatuko dute Arma Plazan.