Azken urteetan musika, dantza, antzerkia eta, oro har, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak jasotzen dituen kultur adierazpenen erakusgarri bilakatu da "... A Tempo" zikloa. Baina antolatzen duten programazioa, eskolako adin guzietako haur eta ikasleen lana aurkezteko baino, sormen artistikoa, hezkuntza eta komunitatea lotzen dituen proiektua sendotzeko helburua dutela aditzera eman dute antolatzaileek. Eta programazioa bide horretan antolatu dute, diziplina anitz landuz.
Esther Barandiaran, Musika Eskolako zuzendariak zerrendatu duenez, musika, poesia irakurketa, dantza, antzerkia eta pedagogiari lotutako hitzorduak proposatuko dituzte. Izan ere, besteak beste, Javier Urra psikologo famatuaren hitzaldia ere prestatu dute bullying edo eskola jazarpenari buruz, otsailaren 5ean (18:30ean) Kultur Etxean.
Musika eta Dantza Eskolako ordezkari Amaia Garciak, Musika Eskolan egiten den lan pedagogikoari balioa eman eta herrira irekitzeko asmoa azpimarratu dute. «Astea guretzat ikaskuntza-prozesuaren parte da, ikasleek eguneroko lanetik abiatuta bestelako diziplinekin harremanetan sartzeko aukera dute, musika ulertzeko eta bizitzeko modu zabalagoa landuz», dio Garciak. Izan ere, Musika Eskola ez da soilik ikasteko gunea haien ustetan, elkargune bat baizik. «Proiektu honen bidez ikasleen autonomia, sormena eta adierazpen-gaitasuna indartu nahi ditugula, esperientzia artistiko esanguratsuak biziz eta taldean lan eginez», argitu du.
Alde horretatik, Ortzi Alonso Kultura zinegotziak Musika Eskolak urte osoan zehar egiten duen lana balioan jarri du, eta “A tempo" astea Musika Eskolan egiten den lanaren isla bikaina dela dio. «Udaletik bereziki baloratzen dugu ekimen honek ikasleak, familiak eta herritarrak elkarrekin biltzeko duen gaitasuna, kulturaren bidez komunitatea indartuz», argitu du. Gogoan hartu, hain justu, inauteriak ere landuko dituztela, eta otsailaren 6an, zikloa borobiltzeko ere, hainbat espezialitatetako ikasleen kontzertua izango dela Kultur Etxean, 18:00etan.
Programazioaren hitzordu guztiak hemen.