Udal administrazioa herritarrengandik gertuago egon dadin lanean ari da Hondarribiko Udala. Eta Igor Enparan alkateak gaur aditzera eman duenez, «herriko gurasoek eskertuko duten urrats txiki baina nabarmena» egin dute zentzu horretan. Izan ere, adin txikikoek haien guraso edo legezko tutorerik gabe atzerrira joateko behar den baimena Hondarribiko Udaltzaingoaren bitartez tramitatzeko aukera emango dute hemendik aurrera.
Orain artean, Irungo ertzain-etxean egin beharra zegoen baimen eskaera, eta adin txikikoek atzerrira bidaiatu behar duten aldiro baimena tramitatu beharra dagoenez, aldaketa honek Hondarribiko familientzat erraztasun handia suposatuko duela pentsatzen du alkateak. «Eskola bidaiak, txangoak edota kirol jarduera bat egiteko Iparraldera edo Europako beste edozein Estatura joateko ezinbestekoa da baimena», gogoratu du Enparanek.
Alde horretatik, Hondarribiko familiek urtean zehar halako tramiteak hainbatetan errepikatu behar izaten dituzte, eta gaurtik aurrera ez dute zertan Ertzaintzara jo beharrik. Iñaki Vielba, Hondarribiko udaltzainburu berriak argitu duenez, Zezen plazako Udaltzaingoaren egoitzan, astelehenetik ostiralera, goizez 9:00etatik 13:30era eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara egin daiteke tramitea aurrez aurre. Baina telematikoki Erregistro Digitalaren bitartez ere egin daiteke, betiere izapide telematikoa bidaia hasi baino gehienez 90 egun lehenago eta gutxienez 6 egun lehenago egin daitekeelarik.
Nolanahi ere, bi gurasoek egiaztatu behar dute (aurrez aurre bada ere), eta seme-alabaren NAN edo pasaportearen fotokopiaz gain, Familia Liburua edota Erregistro Zibileko jaiotze-agiria aurkeztu behar da, baimenaren eskaera-orria behar bezala osatua eta sinatutarekin batera. Udaltzaingoak 24 orduz lan egiten duela oroitarazi du Iñaki Vielbak, eta beraz, bakarrik paperak entregatzeko baldin bada edozein ordutan onartuko dituzte. Hala ere, administrazio ordutegian kudeatzen dituzte.
Adingabeak atzerrira irteteko jakinarazpen edo baimenari buruzko xehetasun guztiak hemen.