Hondarribian erasoek kabidarik ez dutela adierazi du Hondarribiko Udalak, eta herritarrei dei egin die indarkeria matxisten zein bestelako indarkeria moten aurrean jarrera aktiboa izatera. Azken hiru urteetan jai nagusietan egin bezala, Berdintasun arlotik jakitera eman dute inauterietan ere indarkeria matxistaren aurkako arreta-zerbitzua aktibatuko dutela. Eta hau urte amaiera bitartean hirian ospatuko diren jai eta ekitaldi jendetsu nagusietan martxan izango dela.
Neurri honen bidez, Udalak "berdintasunean, errespetuan eta askatasunean oinarritutako jai-eredu baten aldeko konpromisoa" berretsi nahi duela azaldu du Igor Enparan alkateak.
Indarkeria matxistarik gabeko espazio seguruak sustatu nahi dituzte, eta inauterietan, otsailaren 14an indarkeria matxista salatzeko eta artatzeko telefono-zerbitzua aktibatuko dute 21:00etatik 08:00etara. Telefono zenbakia urterokoa izango da: 688 718 797
Horrez gain, edozein erasoren aurrean laguntza jasotzeko edo abisua emateko ondorengo telefonoak eskuragarri daudela gogoratu dute: SOS Deiak: 112, SATEVI: 900 840 111, Indarkeria Sexuala: 800 840 188, Udaleko Gizarte Zerbitzuak: 943 11 12 91 eta Udaltzaingoa: 943 11 13 13
Alkateak azpimarratu duenez, “Hondarribiko jaiak gozamenerako, errespeturako eta elkarbizitzarako espazio seguruak izatea nahi dugu, pertsona guztiek askatasunez eta lasaitasunez parte har dezaten". Alde horretatik, arreta-zerbitzu hauek erasoen aurrean jarduteko ez ezik, prebentzioa lantzeko, informazioa emateko eta herritarrak sentsibilizatzeko tresna eraginkorrak ere badirela argitu du Enparanek.
Zerbitzua Inauterietan martxan izango da, baita urtean zehar egingo diren beste hainbat hitzordu esanguratsuetan ere: besteak beste, Hondarribia Festibalean, Gazte Olinpiaden amaieran, Gazte Egunean, Jai Nagusietan eta Fenomena Jaialdian. Ekitaldi bakoitzaren ezaugarrien arabera, informazio-guneak, artatze-puntu fisikoak (Puntu Moreak) eta telefono bidezko arreta eskainiko dira.