Hondarribiko Udalak alkoholaren kontsumoari lotutako arrisku-portaerak prebenitzeko sentsibilizazio eta komunikazio kanpaina abian jarri du inauterietarako. Prebentzio Komunitarioko Udal Planaren barruan “Alkohola ez dadila zure mozorroa izan” lelopean, gazteei, familiei eta oro har herritar guztiei zuzendutako kanpainak, jaiak modu osasuntsu, seguru eta arduratsuan bizitzea sustatu nahi du.
Bereziki gazteen artean indar bat egin dute, eta kanpainaren mezuak sare sozialetan zein kartelen bitartez plazaratzeaz gain, alkoholaren kontsumo goiztiarraren prebentzioa eskoletan ere landu dute. Lupe Queiruga Gazteria arloko zinegotziak aditzera eman duenez, «gaztaroa esperimentaziorako, harremanak eraikitzeko eta norbere nortasuna garatzeko etapa garrantzitsua da, eta testuinguru horretan, alkohola presente egon daiteke aisialdian, baina funtsezkoa da kontsumoaren arriskuak ezagutzea eta erabaki kontzienteak hartzea».
Gazte eta helduei zuzendutako kanpaina
Hortaz, alkoholaren gehiegizko kontsumoak osasunean, harremanetan eta segurtasunean eragin kaltegarriak izan ditzakeela kontzientzia har dezaten, gazteei zuzendutako lanketa egin dute. Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuak pegatinak eta informazio-flyerrak banatu dituzte 3.DBH, 4.DBH eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako 581 ikasleen artean. Halaber, 27 gelatan eta 6 sarreratan gomendio nagusiak jasotzen dituen dekalogoak jarri dituzte. Eta materiala ikastetxeetan banatzeaz gain, Gaztelekuan, GAZen eta Gizarte Zerbitzuetan ere daude ikusgai.
Era berean, ikasleei ez ezik, familiei zuzendutako baliabideak ere prestatu dituzte. Queirugak argitu duenez, ikastetxeekin elkarlanean, gutunak, kartelak eta dekalogoak bidaliko zaizkie familiei Inika plataformaren bidez, etxean gaiaren inguruko hausnarketa eta elkarrizketa sustatzeko asmoz.
Alde horretatik, kanpainaren ardatz nagusia alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatzea bada ere, bereziki azpimarratu nahi dute adingabeen artean kontsumo goiztiarra prebenitzearen garrantzia, helduen artean jokabide arduratsuak sustatzea eta familiek zein helduek gazteentzat erreferente eta eredu positibo gisa duten papera indartzea. Lupe Queirugak nabarmendu duenez, «Helduek eta familiek duten erantzukizuna funtsezkoa da, beraiek direlako askotan jokabideen ispilu».