Sutan jatetxearekin Repsol Gidako lehen "eguzkia" jaso dute Txapartegi anaiek

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 17a

Tarragonan (Herri Katalanak) ospatu den urteroko sari banaketa ekitaldian, Jaitzubia auzoko jatetxeak bere lehen aipamena eskuratu du, eta Hondarribiko Laia Erretegiak eta Alameda jatetxeak aurretik zeuzkaten bina eguzkiak berretsi dituzte. Hortaz gain, gida gastronomiko ospetsuak Bidasoaldeko beste sei jatetxe gomendatzen ditu aurten, hiruna Irungoak eta Hondarribikoak.

Gipuzkoako goi mailako sukaldaritza gorantz ari da etengabe. Euskadik dauzkan 75 Repsol eguzkietatik 37 gipuzkoarrak baitira, eta lau establezimendu estreinatu dira gastronomiaren gidaliburu ospetsuan. Bidasoaldeko ostatuak pintxoaren munduan erreferentziazkoak badira ere, hainbat dira bikaintasuna lortu duten jatetxeak ere. Eta Hondarribiko Jaitzubia auzoan dagoen Sutan jatetxeada gurdi horretara igo den azkena, Tarragonako Kongresu eta Azokan ospatu berri duten Repsol galan hain justu. Kepa, Mikel eta Gorka Txapartegi anaiek, Alameda jatetxean urte luzetan bildutako eskarmentu eta sukalderako gaitasuna, Hiruzta txakolindegiaren mahastiez inguratutako proiektu berria abiatu, eta laster eskuratu dute lehen errekonozimendua.
 
Haiekin batera, Tolosako Nicolás erretegia, eta Donostiako Itzuli eta Sukaldean jatetxeak ere jaso dute euren lehen Repsol eguzkia.
 
Bost eguzki izpi Hondarribian
 
Ez da honakoa Txapartegitarren lehen Repsol eguzkia. Izan ere, Alameda jatetxeak halako bi ditu eta aurten berretsi egin dituzte. Eta Hondarribian beste bi mantentzen ditu ere Laia erretegiak.
 
Bestalde, Repsol gida gastronomikoak goi mailako beste hainbat jatetxe goraipatzen ditu urtero, eta bere gidan gomendatzen ditu, eguzki batekin saritzen ez baditu ere. Eta Bidasoaldean halako sei gomendio bildu ditu aurtengo gidan. Hiruna Hondarribikoak (Zeria, Arraunlari Berri eta Arrantzaleen Hermandadea) eta Irungoak (Ana Mari, Trinkete Borda eta Felix Manso Ibarla).