Hondarribiko zumardien sustraietara bisita historikoa antolatu du Arma Plazak asteburuan

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 24a

Otsailaren 27an eta 28an, "Hondarribiko alamedak: hiriaren parke eta berdeguneen jatorria eta bilakaera" hitzaldi eta bisita proposatzen du Arma Plaza fundazioak. 'Ezagutu zure Hiria' ekimenaren baitan, herrian sinbolikoak diren alameda eta lorategien historia ezezagunean sakonduko du Aritz Diez Oronoz EHUko doktore arkitekto eta ilustratzailearen eskutik.

 

Hondarribiko Arma Plaza fundazioak antolatzen duen 'Ezagutu Zure Hiria' ekimenak herriko zumardien historia ezagutzeko aukera emango du hilabete honetan. "Hondarribiko alamedak: hiriaren parke eta berdeguneen jatorria eta bilakaera" izenburupean, ohikoa duten bezala, hitzaldi eta bisita proposatzen dute oraingoan ere, aditu baten eskutik. Otsailaren 27an (19:00etan) hitzaldia euskaraz emango du Aritz Diez Oronozek. Euskal Herriko Unibertsitateko doktore arkitektoa da, eta gaur egun ilustrazio, arkitektura eta hirigintza arloetan lan egiten du.
 
Larunbatean, otsailaren 28an, bisita egingo du ere, euskaraz (11:00) ala gaztelaniaz (12:30ean) egiteko aukera emango dute Arma Plazatik abiatuta. Bisita dohainik da, baina gehienez ere 25 lagunentzako taldea antolatuko dutenez, aldez aurretik izena ematea gomendatu dute.
 
Antolatzaileek argitu dutenez, hitzaldian, mende bat baino gehiago duten Hondarribiko zumardiak eta hirigunea izango dituzte hizpide. Eta gaur egun ia inork gogoratzen ez dituen diseinuen jatorriari buruz hitz egingo du Diez Oronozek.
 
Herriko zumardirik historikoena
 
Ez da lehen aldia, 'Ezagutu Zure Hiria' ekimenak Hondarribiko zumardietan eta lorategietan begirada pausatzen duela. Izan ere, 2018 urtean Minasoroeta kalea eta Santaengraziko errekastoaren artean dagoen (Daniel Vazquez Diaz) Alamedako platanondoek 200 urte betetzear zeudela probestu zuen Zumardiari buruzko bisita egiteko. Gabriel Iguiñiz adituarekin egin zuten bisita orduan, eta 40 lagun inguruk parte hartu zuten. Hondarribiarren artean Zumardiak pizten duen interesaren seinale. Adituen arabera, bi mende eta gero, 120 platanondo hauek "organismo bakarra" osatzen dute dagoeneko, sustraien bidez elkar lotuak daudelako, eta zuhaitzek elkar babesten dute.
 
Alde horretatik, Zumardiko zuhaiztia ez da nolanahikoa. Pilar Berqued ikerlariak 2010ean Parjap aldizkarian plazaratutako azterlan baten arabera, Zumardian (Alameda) landatutako aurreneko zuhaitzen aipuak 1740 urtekoak dira. Bertan lizarrak landatu zituzten orduan, baina hauek lehortu eta 1754. urtean ordezkatu egin zituzten. Urte hartan eremua hesitu egin zuten lehen aldiz, ardiak bazkara sar ez zitezen.
 
Hondarribiko Udal Artxibategiko agiriek jasotzen dutenez, 1796. urtean frantsesen eraso batek suntsitu zituen zuhaitz gehienak, eta 1819. urtean eremua txukuntzeko proiektu bati esker, gaur egungo itxura hartzen hasi zuen Zumardiak. Urte hartan eremua horma batez inguratzea erabaki zuten, eta Baionan erositako 120 platanondo landatu zituzten 828 errealen truke. Landaketa apirilaren 19tik abuztuaren 24ra bitartean egin zuten.
 
Badira herrian ikur diren beste zenbait landaketa. San Pedro kaleko platanondoak, adibidez, 1920 urtean landatu zituztenak, edota Kasino Zaharraren lorategietan dauden zenbait zuhaitz ere.