Hondarribiko Bonoak kanpaina martxan jarri du udalak bigarrenez, herriko merkataritza suspertzeko helburuarekin. Amuitz dendarien elkartearekin elkarlanean, iaz bezala, Hondarribian erroldatuta dauden 18 urtetik gorako herritar guztiek izango dute, kanpainarekin bat egin duten herriko establezimenduetan 10 euroko hiru bonu erabiltzeko. Estitxu Urtizbereak, Merkataritza eta Turismo zinegotziak azaldu duenez, kanpaina indartu egin dute. Izan ere, iaz 10 euroko 4.769 erosketa-bonu eskaini zituzten (47.690 euro) bitartean, aurten 6.355 jarriko dituzte herritarren eskura, 63.550 euro.
Haatik, ez da aldaketa bakarra izango. Joan den urtean gabonetan erosteak saria izan zuen bitartean, gerora udaberrian trukatzeko bonuak eskuratzeko proposamena egin zuten. Baina Urtizbereak azaldu du, ondoren merkataritza sektoreko profesionalekin egindako balorazioan, prozedura aldatzea erabaki zutela. «Metodologia aldatu dugu, iaz bi fasetan egin zelako, baina hausnartu eta gero ikusi dugu hasierako ideia polita bazen ere, gabonetako bezeroak fidelizatzea alegia, epe bakarreko kanpaina eraginkorragoa dela», argitu du. Izan ere, joan den urtean bonuen erdia baino pixkat gehiago besterik ez zen banatu, 2.520 guztira, eta gabonetako merkataritza kanpainak ez zuen gerora, hasieran aurreikusitako "efektu biderkatzailerik" eragin udaberrian.
Hortaz gain, 10 euroko bonu bakoitza kanpainara batu diren 40 establezimenduen artean banatu beharko dira. Iaz komertzio berean hiruak trukatzeko aukera zegoen bitartean, aurten 30 euroko erosketa egin beharko da 10 euroko deskontua eskuratzeko, betiere komertzio edo zerbitzu ezberdin batean. «Helburua da erosketa horien onura herriko komertzio ezberdinetan banatzea», dio zinegotziak.
Oraingo honetan, martxoaren 2tik apirilaren 1era bitartean (biak barne) egingo dute kanpaina. Sistema oso sinplea dela argitu dute. Kanpainara atxikitako saltoki batean gutxienez 30 euroko erosketa egiterakoan, 10 euroko deskontu-bonua eskuratzeko, bezeroak bonua erabili nahi duela adierazi eta nortasun agiria (NAN) aurkeztu beharko du identifikatzeko.
Komertzioa herria bizirik mantentzeko tresna
Alde horretatik, kanpaina honekin bertako jendeak herriko dendetan erostea sustatzen du helburu. Baina ikuspegi zabalago batetik irudikatutako estrategia batetik bultzatutako kanpaina dela aditzera eman du Estitxu Urtizbereak. Izan ere, Hondarribiko Udalak onartu berri duen Merkataritza eta Zerbitzuen Plan Estrategikoaren irizpideetan oinarrituta, egindako diagnostikoaren gabeziak estali eta hirugarren sektorea indartzeko asmo du udalak. «Argi dugu tokiko komertzioa funtsezkoa dela, kaleei bizia ematen diete eta komunitatea kohesionatzen laguntzen dute», adierazi du udal ordezkariak, helburua deskontu hutsa eskaintzeaz harago doala gogoratuz, «tokiko merkataritza-sarea sendotzea eta herritarren kontsumo-ohituretan eragitea da».
Aipatutako plan estrategikoak identifikatu dituen ahulezien artean, «hondarribiarrek euren erosketen gastuaren %30 luze bat herritik kanpora egiten dituztela» baita, eta diru-ihes hori iraultzeko tokian tokiko kontsumoa suspertu nahi du udalak.
Hala eta guztiz ere, Bidasoa Bizirik garapen agentziak 2018a, egindako azterketen arabera, hondarribiarren %82 herritik kanpora lan egiten du. «Horrek ez du gehiegi laguntzen herrian kontsumitzeko, izan ere, lanetik bueltan merkatal-zentroetan gelditzeko ohitura dute askok», aitortu du Urtizbereak. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Merkataritza Ganberak 2022an Internet bidezko salerosketa ohiturei buruz egindako inkestek diote, herritarren kontsumoaren %25 Internet bidezko plataforma eta banatzaileen bidez egiten dela dagoeneko. «Agerikoa da salmenta-bide hori ere lantzen hasi beharko dugula Hondarribiko txikizkako komertzioarekin ere», dio zinegotziak.
Hala eta guztiz ere, merkataritzak azken urteetan inguruko udalerrietan izan duen bilakaera kontuan hartuta, Hondarribiko komertzioa osasuntsu dagoela azpimarratu du Urtizbereak. «Ile-apaindegi, fisioterapeuta eta horrelako zerbitzuek gora egin duten bitartean, komertzio tradizionalak pixkat bat behera egin du, baina oro har, zorionez azken urteetan establezimendu kopurua bere horretan mantendu da», argitu du.
Zentzu horretan, aurrera begira tokiko merkataritza babesteko eta indartzeko erronka handia daukatela aitortu du. Izan ere, aldameneko Irungo hirian (historikoki polo komertziala), 2012 urtean zeuden 1.036 establezimenduetatik 856 geratzen ziren 2019an egindako ondoko inkestan, eta 2024ko azken datuen arabera 693k besterik ez zuten zabalik jarraitzen. Komertzio txikiaren %33ak itxi du Irunen dozena bat urtetan, epe berean EAEn txikizkako establezimenduen batez besteko beherakada %24koa izan den bitartean.
Hondarribian mementoz, bonu kanpaina berria pizgarri izango delakoan daude udal agintariak, baita merkatariak ere.