Tzane Carrillo: «Ilusio handiz egin dugu liburua, mihisetan gordetako Hondarribiko iraganaren nolabaiteko leihoak dira»

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 25a

Martxoaren 3an Emeki elkarteko kideek arreta eta mimo handiz prestatu duten "Hondarribiko Txokoak" liburua aurkeztuko dute Arma Plazan (12:00etan). 1994tik udan antolatzen duten Kaleko Margo Lehiaketan saritutako 84 margolanen katalogoa osatu dute, herriko ondarea balioan jartzeko asmoz. 

Aurrerantzean, Arma Plazan bertan, eta Hondarribiko Udalak lagundutako argitalpen gehienekin egin ohi duten moduan, Arzu liburu-dendan eta Sokoa paper-dendan ere eskura jarriko dute ale bat erosi nahi duen ororentzat. Dena den, Tzane Carrillok ez du zalantza izpirik. 'Hondarribiko Txokoak' katalogoak koadroak baino gehiago gordetzen ditu bere orrialde koloretsuetan. 

San Pedro kaletik herri osora

Emakumeen elkartea 1993an eratu zutenetik, betidanik eman dute arte plastikoa lantzeko aukera beren tailer eskaintzan. Elkartearen hastapeneko urteetan, egoitza San Pedro kalean zutenean ez ziren emakume gutxi izan, bertan elkartu eta iaioago ala traketsago, margolanetan aritu zirenak. 

Zaletasun horretatik abiatuta, 1994ko udan Kaleko Margo Lehiaketa antolatu zuten aurreneko aldiz, eta azken hiru hamarkada luzetan abuztuko hitzorduak lortu duen errotzearen lekuko, estatu osotik hurbiltzen diren dozenaka margolari bildu ohi dira Hondarribiko kaleetan, txokoren bat edo beste egun bakar batean marrazteko erronka onartzeko prest. 

Lehiaketak ibilbide oparoa egin du horrez geroztik. Azken urteetan, Bidasoaldetik ez ezik, Burgos, Asturias edota Extremaduratik espresuki Hondarribira etorritakoak izan direla gogoan du Emeki elkarteko Tzane Carrillok. «Harrigarria da ikustea goizeko 9:00etan hasi eta 17:00ak arte, hutsetik egun bakar batean zein obra ederrak egiteko gai diren», dio lehiaketaren eramaileak. 

Aparteko argitalpena

Margolari saiatua da bera ere, eta kontatu digunez, 2023ko edizioan lehiaketa Alde Zaharra eta Portua auzoetako txokoetara mugatzea erabaki zuten, eremu horietan margolariek «aski leku eder aukeratzeko» dituztelako. Baina urteotan guztiotan urtero saritutako hiru koadroen artean denetarik dago. Eta horien lekuko da orain prestatu duten liburu edo katalogoa.

Orotara, 84 margolan jasotzen ditu argitalpenak, eta Emeki elkartean sinistuta daude, herriko ondarea den heinean, hondarribiarrei halako argitalpen bat eskaini beharra zegoela. Hain justu, 2024an lehiaketaren 30. urteurrena zela eta, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin obra hautatu batzuekin erakusketa antolatu zuten Itsas Etxean. Bolo bolo komentatua izan zen herrian, eta arrakasta izan zuen. «Jende asko hurbildu zen eta txundituta geratu ziren obren kalitatearekin», dio emakumeen elkarteko kideak. 

Baina koadroen balio artistikoaz harago, 1994tik herriko txoko kuttun askok jasan duten eraldaketaren lekuko dira margolan hauek, Tzane Carrilloren begietara, «mihisetan irudikatutako iraganaren nolabaiteko leihoak». 

Zaindu beharreko altxorra

Koadro horietariko batzuk Emekiko egoitzaren hormetan zintzilik dauzkate gaur egun, baina gehienak altxor baten moduan gordeak daude. «Pena da, margolanak ez direlako armairu batean gordeak edukitzeko egiten, gozatzeko baizik», argi du Carrillok, liburuari esker balioan jartzeaz gain, bilduma herriak merezi duen bezala gorde dezan asmo dutela nabarmenduz. «Aspaldi gabiltza Hondarribiko Udalarekin margolanak gordetzeko alternatibak bilatu nahian, hezetasunagatik eta baldintza desegokiengatik kaltetu ez daitezen», dio Tzane Carrillok. 

Era berean, margolan hauekin erakusketa ibiltariak «bata bestearen atzetik» antolatzeko prest dago Emeki elkartea. 2024ko udan Itsas Etxean egindakoaz gain, 2021ean Irunen ere erakutsi zituztela gogoan du Tzanek, baita Bertizen edo Elizondon antolatutako erakusketak ere.

Mementoz, 'Hondarribiko Txokoak' liburuari esker, aurki katalogo ederra izango dugu eskura betiko. Hala ere, heldu den udan Kaleko Margo Lehiaketaren 33. edizioa antolatuko dute. Eta Emekiko kideak argi du bilduma pixkanaka handitzen joango dela. «Liburua margolarien lanaren eta urteotan guztiotan elkartekideon borondatearen lekuko da, baina argi dugu ez garela hemen geldituko».