GazteTEK eta Izan Arrantzale tailerretan izena emateko epea martxoaren 9an zabalduko dute

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 3a

Hondarribiko Udalak eta Bidasoa Bizirik erakundeak, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiarekin batera martxoan eta apirilean antolatutako jardueretarako 152 plaza eskainiko dituzte. Kofradiako lonjara bisita, arrantza tailerra, itsas esperimentuak, landare laborategia eta "Emakume Zientzialariak" tailer zientifikoa egingo dituzte 8-13 urteko gazteentzat. 

Hondarribiko Gazteria Sailak eta Bidasoa Bizirikek elkarlanean antolatzen duten GazteTEK programak bere hamargarren edizioa beteko du aurten. Ekimenaren helburua 8 eta 17 urte bitarteko gazteei STEAM gaitasunak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) garatzeko aukera eskaintzea da.

GazteTEK 2017an sortu zen, eta hasieran 3D inprimaketa, droiak, robotika eta sare sozialen erabileran trebatzeko aukera eman zuen. Urteak aurrera egin ahala, programa egokitzen joan da, eta 2019tik 8 eta 13 urte bitarteko gazteentzat mugatu da. Eta 2024 urteaz geroztik, GazteTEK teknologiaren ikuspegitik zientziaren alorrera jauzia eman du. Aldaketa horretan, "Izan Arrantzale" programa batu zitzaion eskaintzara. Done Pedro Itsasgizonen Kofradiarekin lankidetzan eta Hondarribiko Udalak bultzatuta gazteak arrantza eta zientzia itsasoko mundura hurbiltzen ditu.
Lupe Queiruga, Gazteria arloko zinegotziak argitu duenez, "Hondarribia itsas herria da, eta herriaren identitatearen parte arrantza denez, belaunaldi berriei galtzen ari den itsasoarekiko lotura eta transmisioa sustatu" nahi izan du udalak.
 
Aurten GazteTEK programak bere hamargarren edizioa ospatzen du, eta jarduera bereziak proposatuko dituzte. Udaberrian, martxoaren 30etik apirilaren 1era, hiru egun antolatu dituzte, Done Pedro Arrantzaleen Kofradiara bisita, arrantza tailerra eta emakume zientzialarien esperimentuak egiteko aukera eman. Eta apirilaren 7tik 10era, aldiz, GazteTEK eta Izan Arrantzale programak lau eguneko egitaraua osatuko dute.
 
Guztira, 152 plaza eskainiko dituzte, eta jarduerak doakoak izango badira ere, aldez aurretik izena eman beharra dago. Horretarako martxoaren 9tik 15era Hondarribiko Udalaren APPan egin behar da edo Gazteen Zerbitzuan aurrez aurre: Javier Ugarte, 6. Astelehenetik ostiralera (16:30-20:00). Adierazitako plazak gaindituz gero, zozketa egingo dutela aditzera eman dute.