Joserra Mutuberria omenduko dute igandean Damarri plazan bertako babarrunari gorazarre eginez

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 6a

Zumardikoak elkarteak Hondarribiko Babarrunen III. Lehiaketa antolatzen du martxoaren 8an Damarri plazan. Iaz Jaizkibelgo sute bat itzali nahian zendutako elkarteko Joserra Mutuberriaren oroimenez egingo dute. Eta tokiko produktua eta tradizioa uztartzeko helburuarekin, lehiaketan parte hartuko duten hamar elkarteek, herriko baserri eta ekoizle ezberdin baten babarrunak sukaldatuko dituzte.

Zumardikoak elkarteak gaur aurkeztu du Hondarribiko Babarrunen III. Lehiaketa, tokiko produktua, euskal gastronomia eta tradizioa balioan jartzea helburuarekin sortu zuten ekimena. Baina aurten berezia izango dela iragarri dute antolatzaileek. Izan ere,

Aurtengo edizioak izaera berezia izango du, Joserra Mutuberriaren oroimenezko memoriala izango da.

Mutuberria iazko martxoaren 8an zendu zen Jaizkibel mendian izandako sute bat itzaltzeko lanetan laguntzen ari zela. Elkarteko kide inplikatua zen, eta baserri munduarekin eta ekimen honekin lotura estua du. Izan ere, bere baserriko uztarekin prestatu izan dira aurreko edizioetako babarrun-eltzeetako batzuk.

Hamarna elkarte eta baserri

Lehiaketa Damarri plazan ospatuko dute igandean, 9:00etan hasita, eta bertan aurkeztu dute gaur Zumardikoak elkarteko Jaizkibel Tovarrek eta Peio Lapitzek, eta Joserra Mutuberriaren arreba, Estherrek. Aditzera eman dutenez, "lehiaketa hau Hondarribiko baserrietako babarrunak eta gure elkarte gastronomikoen kultura balioan jartzeko sortu zen", eta aurtengoan ere horren irudiko izango da. Bidenabar, guztira 10 elkartek parte hartuko dute lehiaketan, eta elkarte bakoitzak Hondarribiko baserrietan ekoitzitako babarrunak prestatu beharko dituzte.

Zehazki, herriko hamar baserri eta ekoizleen babarrunak erabiliko dituzte: Patxirenea, Gornutz, Bottikako Agroaldea, Mikelenea, Legia, Lujunea, Tudelenea, Zigarrenea, Errandazahar eta Botika. Parte hartuko duten elkarte gastronomikoak, berriz, Txanpa, Zumardikoak, Alkartasuna, Azeri, Marlaska, Klink, Goxoki, Itsas Etxea, Itsaskari Baita eta Hondarribiko Kirol Taldea (HKT) dira.

Antolatzaileek argitu dutenez, lehiaketa gastronomian adituak eta arituak diren kideek epaituko dute. Josema Azpeitia, gastronomia kazetaria eta Ondojan aldizkariaren sortzailea; Maritxu Lapitz, Ziburuko Ttoro Kofradiako kidea; Maite Otaño, nekazaria eta GILBE (Gipuzkoako Landagile eta Baratzegile Elkartea) elkarteko presidentea. Eta Juanma Garmendia, Gastronomia Kofradien Federazioko presidentea. Parte-hartzaileak 9:00etan hasiko dira kozinatzen, eta epaileek deliberatu ondoren, sari banaketa 12:30ean egingo dela aurreikusten dute.

Ondoren, Zumardikoak elkarteak antolatuta herri bazkaria egingo da Hondarribiko Batzokian. Esan gabe doa, menua (25€) babarrunak bere sakramentu guztiekin izango dela. Oraindik plaza batzuk libre daudela jakinarazi dute, beraz, interesa dutenek 621 15 46 22 telefonora deituz lekua erreserbatu dezakete.