Orotara 16 sukaldarik parte hartu zuten, herriko elkarte gastronomikoen ordezkari gisa, eta antolatzaileek gazteen parte-hartzea nabarmendu dute. Izan ere, hirugarren saria Zumardikoak elkarteko Eki Larra eta Sara Etxeberria gazteek eskuratu zuten. Hondarribiko baserrietako babarruna balioan jartzeaz gain, Joserra Mutuberria gogoan hartu zuten.
"Mutu" 2025eko martxoaren 8an zendu zen Jaizkibel mendian izandako sute bat itzaltzeko lanetan laguntzen ari zela. Eta lehiaketaren sustatzaile eta Zumardikoak elkarteko kide inplikatua omendu dute aurtengo edizioan.
Hondarribiko babarrunari gorazarre
Epaimahaiak hainbat alderdi hartu zituen kontuan balorazioa egiteko, besteak beste itxura, gatz- puntua, saldaren loditasuna, baita babarrunaren egosketa eta zaporea ere. Ezinbesteko baldintza zen, aldiz, produktua Hondarribiko baserrietan ekoitzitako babarruna erabiltzea.
Zumardikoak elkarteak antolatzen duen lehiaketa tokian tokiko produktua eta tradizioa gordetzeko helburua du. Eta oraingo honetan, Manolo Suarez, Txanpa elkarteko ordezkariak jantzi zuen txapela. Zigarrenea baserriko babarrunak erabili zituen igandean, 9:30etan eltzea su txikian jarrita. Bigarren saria ere, Txanpa elkarteko kide batek eskuratu zuen, Ramontxo Baldak. Kasu honetan, Tudelenea baserriko babarrunekin. Eta hirugarren saria ere, Tudeleneako baratzea izan zuen protagonista, Zumardikoak elkarteko Eki Larra eta Sara Etxeberria gazteek prestatutako lapikoan.