Gaztelekuaren behin-behineko egoera luzeegi joan dela uste du EAJk

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 13a

Jeltzaleek 2018an atera zuten Saindua gaztelekua birgaitzeko eta handitzeko obra lehiaketara aurreneko aldiz, eta arazo teknikoen ondorioz, 2022an esleitu ziren 826.044 euroren truke. 2024ko urrian zerbitzua martxan egotea aurreikusten bazen ere, EAJk itxia jarraitzen duela salatu du. Maria Serrano zinegotziak dioenez, «atzerapenak ulergarriak dira, guk ere zailtasun handiak izan genituen, baina bi urte pasa dira, eta gobernuak gardentasunez informatu beharko luke».

Hondarribiko Saindua gaztelekua 2018ko urriaz geroztik itxita dago. Urtero udal aurrekontuetan eraikina birgaitzeko diru-partida errepikatu ondoren, gaztelekua hobetzeko obrak lehiaketara atera eta 826.044 euroko aurrekontuarekin esleitu zituen azkenik EAJ-PNVko udal gobernuak 2022an. Baina lanak 2023ko ekainean hasi eta 2024ko urrian gazteleku berria martxan egotea aurreikusten bazen ere, birgaitze lanak amaituta itxita jarraitzen du. Hori dela eta, Saindua gaztelekua noiz irekiko ote duten galdezka dabil EAJ udal taldea, «udal gobernuak ez diolako azalpenik eman herritarrei».

Maria Serrano zinegotzi jeltzaleak aditzera eman duenez, «jakin badakigu altzarien kontratazioa hortxe dagoela, baina bi urte hauetan faltan bota dugu informazioa». Enpresarekin arazoak eman dira, ez dituelako aurreikusitako epeak bete, eta Serranoren arabera, «atzerapenak ulergarriak dira, guk ere zailtasun handiak izan genituen, baina gobernuak informatu beharko luke eta argitu zer aurreikuspena duen berriro zerbitzua martxan jartzeko, Aste Santurako izango den edo ea udarako izango den». 

Alde horretatik, 2018an gaztelekua berritzeko proiektua zela medio, zerbitzua Puntalera lekuz aldatu zutenetik han mantentzen du udalak. Molla ibilbideko eskola zaharretan, asteartetik ostegunera 17:00-20:00 ordutegian ematen du zerbitzu, eta 21:00ak arte ostirala eta larunbatetan. Baina EAJren ustez, «luzeegi joan da behin-behineko egoera hau». Saindua zortzi urte darama itxita arrazoi ezberdinak direla medio. Serranok gogoratzen duenez, bera Gazteria zinegotzi zela kudeatu behar izan zituen hasierako zailtasunak. Izan ere, eraikin historikoa izanagatik ere, obrak bere mugak zituela dio. Baina eraikinaren teilatuaren habeetan pitzadurak zirela eta, kata batzuk egin eta gaztelekua berritzeko proiektua berregin behar izan zuten.

Saindua gaztelekua berritzeko eta handitzeko obrak egin aurreko irudietan. 

Ondoren, proiektua handitzea erabaki zuten, eta kontu hartzailearekin arazoak izan ziren ere. Garai hartan, Gazte Informazio Bulegoa ere Sainduara lekuz aldatzea aurreikusi zuten proiektuan. Izan ere, Serranok dioenez, «zerbitzuan parte hartzen zuten aktibo guztiekin diseinatu genuen proiektua, eta zaila izan zen, baina proiektu sendoa egin zen». 

Talde jeltzalearen arabera, «bereziki larria da gazteriari zuzenean eragiten dion proiektu baten inguruan dagoen informazio eta gardentasun falta». Enpresarekin atzerapenak eman badira, horrelakoak gerta daitezkeela aitortzen du, baina udalak ezin du jarraitu Serranoren ustez, «informazio argirik eta epe zehatzik eman gabe, gazteriari zuzendutako udal zerbitzu bat hainbeste urtez erabili gabe dagoen bitartean». Egoera honen aurrean, udal talde jeltzaleak autokritika egin dezan eskatzen dio Abotsanitzek eta EH Bilduk osatzen duten gobernuari. Eta galdera zuzena luzatu dio: «zeren zain daude Saindua Gaztelekua irekitzeko?».