24. Korrika eskualdetik noiz pasako den irrikaz zain daude bidasotarrak. Baina ez daude eserita esperoan. Hondarribian joan den larunbatean eguraldi petralarekin bada ere, Korrika Egunarekin motorrak berotzen hasi eta gero, eskolartekoek hartu dituzte kaleak Korrika Txikia eta Korrika Gaztea ospatzeko. Eguraldia lagun, haiekin animatu diren irakasle askorekin batera egin dute Arma Plazatik Maddalen plazarainoko ibilbidea korrika goizeko 10:00etan. Lehen Hezkuntzako koxkorrenek eraman dute lekukoa txikienen kasuan, eta ibilbidean zehar mailaka antolatu dituzte taldeak.
DBH eta Batxilergoko ikasleen kasuan, berriz, irteera 11:45ean egin dute Arma Plazatik, eta ibilbide bertsua egin dute (Arma Plaza, Kale Nagusia, Minasoroeta kalea (Zumardia), Sabin Arana, San Kristobal plaza eta San Pedro kalean barrena, Azeri elkartearen ondotik, Santa Maria Magdalenaren plaza). Iritsi direnean han zeuden txikienak esperoan, eta erromeria txiki batekin ospatu dute euskararen aldeko festa.
Hondarribikoak izan dira goiztiarrenak, baina eskualdeko haur guztiek izango dute hankak euskararen alde astintzeko aukera. Irunen, Korrika Txikia eta Gaztea 24. Korrikak hiria zeharkatuko duen bi aldietan (hilaren 24an eta 25ean) antolatu dituzte, hain justu, Korrika Irundik pasa eta gauak argitu ondorengo egunean.
Lapurdin, aldiz, AEKk ikastolek eta bat egin duten eskola publikoek antolatzen dute. Eta iragarri digutenez, Biriatun martxoaren 23an egingo duten bitartean, martxoaren 27an izango da Hendaian goizez, eta Urruñan arratsaldez. Behin Korrikaren arrabotsa ofiziala pasatutakoan.