Abesbatza doinuek hartuko dute Hondarribiko parrokia nagusia martxoaren 21etik 29ra

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 19a

Hondarribiko 42. Eliz Musikaldi Zikloa aurten berezia izango dela nabarmendu dute Eskifaia Abesbatzako kideek. Tokiko eta kanpoko abesbatzen maila handiko lau kontzertu egun proposatuko dituzte. Baina martxoaren 28an Cor L’ARC de L’EMM Can Ponsic taldea protagonista izango bada, zuzendaria Emilio de la Linde hondarribiarra da, Eskifaian hasi eta Xatz Eskifaia sortu ondoren Bartzelonara joan zena. Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira eta dohainik, Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren elizan. 

 

Hondarribiko Eskifaia Abesbatzak urtero herriari oparitzen dion goi mailako abesbatza emanaldi zikloa hurrengo bi asteburuetan ospatuko dute Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren elizan. Asteburu honetan hasiko da 42. Eliz Musika Zikloa, eta antolatzaileek aditzera eman dutenez, programak estilo eta jatorri ezberdinetako proposamenak jasoko ditu aurtengo programazioak.
 
Ortzi Alonso, Udaleko Kultura zinegotziak ziklo honen garrantzia nabarmendu du. «Autonomia Erkidegoko zaharrenetakoa da, eta Euskal Herri mailan ere garrantzitsuenetako bat» dela gogoratu du. Ohikoa duten bezala, bertako taldeei zein kanpotik gonbidatutako abesbatzei lekua emango diete. Eskifaia abesbatzako kideek azaldu dute programazio anitza eskaintzen saiatzen direla urtero. Alde horretatik, euskal musika goraipatu ohi dute bertako abesbatzek, Javier Busto, Eva Ugalde, Sarasola, Josu Elberdin... eta konpositore askoren lanak proposatuz. Baina urteotan guztiotan, gospel kanta espiritualak edota afrikarrak ere eskaini dituzte. 
 
Kanpotik etorritako taldeei dagokienez ere, azken urteetan atzerriko abesbatza eta koru entzutetsuak gonbidatu dituzte ziklora. Biarnoko ‘Pierres Liriques’ abesbatza, Arrezzon hainbatetan saritua izan den Esloveniako ‘Ingenium Ensemble’ taldea, Coro de Voces Graves de Madrid gizonezko korua bezalakoak pasa dira Alde Zaharreko parrokiatik. Baina Euskal Herrikoak ere gonbidatzen dituzte. 2024an, adibidez, Txinan eta Bulgarian ibilitako Suhar gizon korua ekarri zuten. 
 
Bi asteburuko programa
 
Nolanahi ere, Aste Santuaren atarian gauden honetan, lau hamarkadatan zehar errotu eta abesbatzen lana balioan jarri duen eliz musikaldiaren antolatzaileek tokiko abesbatzen lana balioan jarri nahi dute. Eskifaiak hiru koru baititu. Eskifaia Txiki haurrenak, ez du bertan parte hartzen, eta helduen abesbatza mistoa eta Xatz ahots zurienak parte hartu ohi dute.
 
Oraingo honetan, martxoaren 21ean Hots eta Xatz abesbatzen kontzertua izango da estreinako emanaldia. Eta martxoaren 22an Akelarre abesbatza gonbidatu dute. “Lux et Gloria” programa eskainiko du, eta bertan Juan de Anchieta, Thomas Tallis, Benjamin Britten, Arvo Pärt eta Will Todd bezalako konpositoreen lanak interpretatuko dituzte a cappella zein pianoarekin lagunduta.
 
Bigarren asteburuan, aldiz, Bartzelonako Cor L’ARC de L’EMM Can Ponsic taldea izango da protagonista martxoaren 28an, ahots eta organorako programa oparo batekin. Juan Ignacio Aristizabal Eskifaiako lehendakariak argitu du, zuzendaria Emilio de la Linde hondarribiarra dela. «Hemen, Eskifaia Abesbatzan hasi zen musika arloan. Xatz Eskifaia sortu ondoren Bartzelonara joan zen, eta gaur egun Cor L’ARC taldeko zuzendaria da. Bere itzulera berezia da guretzat», adierazi du parrokian egindako aurkezpenean. «Bereziki polita da Hondarribian sortu eta kanpoan ibilbide profesionala egiten ari diren musikariak etxera itzultzea eta ziklo honetan parte hartzea», azpimarratu du ere Ortzi Alonso zinegotziak. Kontzertuan Arnau Farré organista arituko da, eta Mendelssohn, Vaughan Williams, Howells eta beste hainbat konpositoreren lanak interpretatuko dituzte. 
 
Azkenik, martxoaren 29an, ohikoa duten bezala, Eskifaia Abesbatzak itxiko du zikloa. Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira, eta sarrera librea dela gogoratu dute antolatzaileek.