Dena prest dute asteburu honetan Zestafesta ospatzeko Hondarribian. Larunbatean diseinu munduko profesionalei eta interesa duen orori zuzendutako jaialdiaren hirugarren edizioa ospatuko dute herriko eremu ezberdinetan. Izan ere, diseinu grafikoko profesionalentzako erreferentziazko hiru hitzaldi proposatuko dituzte Itsas Etxean. Baina Arma Plazan edota Maddalen Arte Gunera ere hedatuko da Zestafesta aurtengoan. Izan ere, larunbata goizean, Maddalen Arte Gunean worshop bat antolatu dute.
Julia Lasak, Patri Tabernak eta Ane Garmendiak sustatutako jaialdiak tailerrak, hitzaldiak, erakusketak eta musika uztartuko ditu. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak jaialdi hau «Hondarribian dugun kultur eskaintza zabalaren adibidea» dela nabarmendu du. Hirugarren edizioa izanik, hitzorduaren gaztetasuna, baina «emakumezkoen ekintzailetza eta abangoardia» bezalako kontzeptuekin ere lotzen dela dio.
Alde horretatik, diseinu grafikoko profesional askorentzat hitzordu garrantzitsua dela argitu du Patri Taberna antolatzaileak, jaialdiak aurrez aurre elkar topo egiteko aukera ematen dielako. «Orain online lantzen dugu dena, eta elkargune bat edukitzea oso garrantzitsua da edozein ogibidetan», adierazi du aurkezpenean.
Esan bezala, hiru hitzaldi antolatu dituzte Itsas Etxean. Hitzaldiak 16:30ean hasiko dira, baina 16:00etarako bertaratzeko deialdia luzatu dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, Teta y Teta irabazi-asmorik gabeko elkartearen eskutik izango da aurreneko solasaldia. Ondoren, Relaja el Cocok hartuko du lekukoa, branding, infografia edo proiektu editorialak lantzen dituena. Eta azkenik, markak eta pertsonak konektatzen dituen Fuego Camina Conmigo agentzia sortzaileak hartuko du lekukoa.
Aparteko erakusketa Itsas Etxean
Aurtengo nobedade nagusia, aldiz, Itsas Etxeko atzealdean antolatu duten "Diseinua oraina" erakusketa da. ADG Laus diseinu sarian 2025ean saritu ziren nazioarteko proiektuak jasotzen ditu, eta EAEn lehen aldiz izango da. Iragarri dutenez, hemengo izenak ere bertan ikusi ahal izango dira, hala nola Pensando en blanco Hondarribiko arkitektura estudioa, El Bulli jatetxeko Ferran Adria sukaldariarekin egindako lana aurkeztuko duela, Cuchillo estudio bizkaitarra eta Mugaritzen lan egin duen Canon agentzia madrildarra.
Erakusketa martxoaren 25era arte egongo da bertan, asteazkenetik igandera, 17:00etatik 20:00ak arte. Honi lotuta, ADG Laus diseinu sarien erakusketa hobe ezagutzeko, asteburuan bisita gidatuak egingo dituzte, ADGko zuzendari Jen Martinezen eskutik. Ostiralean, martxoak 20, 18:30ean egingo dute, eta larunbatean 12:45ean.
Jaialdia borobiltzeko, larunbatean, DJ Sant Clauk arratsaldea girotuko du Ttopara kafetegian 19:30etik 21:30era.