Hiru egunez itsas-hondora leiho bat irekiko dute Itsas Etxean

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 25a

Martxoaren 26tik 28ra nazioarteko 16 film labur eta 5 dokumental emango dituzte Itsas Etxean antolatutako CIMASUB TOUR Itsaspeko Zinema Zikloaren hiru saioetan. Ikastetxeei zuzendutako emanaldia ere martxoaren 26an egingo dute. Munduko ozeanoetako paisaia ezkutuak ez ezik, plastikoek eta hondakinek eragindako kutsadura, espezie osoak suntsitzen dituen gehiegizko arrantza, edota itsas-ekosistemen degradazioaz kontzientzia hartzeko jaialdia da.

Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa (CIMASUB), munduko itsaspeko zinema jaialdirik zaharrena da. 1975ean Real Sociedad Itsaspekoak urpekariaren eskutik sortu zenetik, jaialdiak ozeanoarekiko maitasuna eta errespetua transmititzea, bertako biodibertsitatea erakustea eta giza ekintzaren ondorioz aurrez aurre duen egoera kritikoaz ohartaraztea izan du helburu.

Orain arte ospatutako 49 edizioetan zehar, CIMASUB nazioarteko erreferente gisa finkatu da, eta kalitate artistiko handiko dokumentalez, film laburrez eta argazki erakusketez gozatzeko aukera eskaini dio publikoari, ingurumenaren aldeko kontzientziazio mezu sendoarekin. Urtero jasotako lan onenekin, aldiz, CIMASUB TOUR zikloa antolatzen dute azken hogei urtetan. Eta Hondarribian 17. edizioa izango dute Itsas Etxean martxoaren 26tik 28ra. Antolatutako proiekzioetan, nazioarteko 16 film labur eta 5 dokumentalik onenak proposatuko dituzte ostegunetik larunbatera, 19:00etan.

Hortaz gain, martxoaren 26an, goizeko 10:00etan, Itsaspeko Txikizikloa egingo dute espresuki ikastetxeentzat. Eta aurretik, Itsaspeko Adinzikloaren bi saio antolatu dituzte, martxoaren 18an Caser Residencial Betharram adinekoen etxean, eta martxoaren 23an San Gabriel egoitzan egoiliarrentzat egindako aparteko proiekzioekin.

Kontzientziak astintzen

CIMASUBen leloak, "Egia zure begien aurrean", jaialdiaren funtsa irudikatzen du. Jaialdiak itsaspeko munduaren errealitatea den bezala erakustea baitu helburu. Naturaren handitasunaz gozatzeko munduko argazkilari eta bideogile onenen lanak jasotzen dituzte urtero, eta profesional horiek urpean ikusten dutena erakusten diguten heinean, munduko bazter guztietako itsaso eta ozeanoetako ezkutuko edertasunaz gain, mehatxatzen dituzten errealitate gogorrak ere erakusten dituzte.

Hartara, plastikoek eta hondakinek eragindako kutsadura, espezie osoak suntsitzen dituen gehiegizko arrantza, espezie inbaditzaileen sarrera edo itsas ekosistemen degradazioaz kontzientzia hartzeko aukera ere ematen du jaialdiak.

Hondarribian bezala, azken hamabi hilabeteetan, 26.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute CIMASUB TOUR 24/25eko jardueretan, 30 herri ingurutan egindako itsaspeko zinema saioetan, eta erakusketa fotografikoek 15.000 bisitari baino gehiago jaso dituzte. Era berean, Itsaspeko Txikiziklo programaren bidez, Euskadiko 52 ikastetxetako 3.600 haur baino gehiagori txikitatik ingurumen-kontzientzia pizteko aukera eman du.