Maria Serrano Olaskoaga (41 urte) izango da Hondarribiko EAJ-PNVren hautagaia 2027ko udal hauteskundeetan. Gaur Arrantzale auzoan egindako agerraldian, jeltzaleen zerrendaburu gisa Gonzalo Carrionen lekukoa hartuko duela aditzera eman du, atzo arratsaldean Hondarribiko EAJren Hiri Uri Batzarrak erabakia hartu berritan.
Jeltzaleek etapa berri bati hasiera emateko asmoa adierazi dute, eta Serranoren kasuan, aurreneko aldia izango da EAJk emakume bat alkategai aurkezten duela, eta Hondarribiko Udalean gobernu taldean hiru legealditan izan ondoren, «udal funtzionamenduaren ezagutza eta kudeaketan eskarmentua» duen profila dela nabarmendu dute.
Izan ere, 2015ean hartu zuen zinegotzi kargua lehenbiziko aldiz, eta EAJren azken gobernu taldean pisuzko figura politikoa bilakatu zen Txomin Sagarzazu alkatearekin, Txisun Altuna eta Kalixa Silanesekin batera. Udal gobernuan emandako urteetan Gazteria, Prebentzio Komunitarioa, Merkataritza eta Turismoa, Euskara eta Herritarren Partaidetzarako ordezkari izan zen bitartean, Bidasoa Bizirik erakundean ere, lehendakariordea izan zen Hondarribiko ordezkari gisa.
Alde horretatik, Hondarribiko errealitatearen ezagutza sakonean oinarritutako lidergoa duelakoan hartu du alderdiak erabakia. Maria Serrano oposizioan aritu da agintaldi honetan, eta aitortu duenez, «herritarren aldetik galdutako babesa eta konfiantza berreskuratzeko asmoz» aurkezten du bere burua, eta horretarako «elkarrizketa eta herritarrak entzun, eta egunerokoan Hondarribiko beharretan arreta jarriz» lan egin nahi du. «Ilusio eta ardura handiarekin hartzen dut erronka, kontziente gara Hondarribiak bizi kalitate ona duela, eta herritarrek hau baloratzen dutela, beraz, ondo funtzionatzen duen hori zaintzeko eta herritarren egunerokoan kezka sortzen duten gaiak hobetzeko borondatearekin lan egiteko prest nago», adierazi du, etxebizitzaren arazoari erantzutea lehentasuna beharko duela onartuta ere, «epe luzeko ikuspegi errealista» batetik.
Hauteskunde ziklo berri bati begira dago beraz Hondarribiko EAJ. Baina honek guztiak legealdi honen amaieran eragingo duenik ukatu du. «Talde bezala lan egiten ari gara, eta aldaketa modu naturalean egingo dugu, Gonzalok taldeari dena eman dio, eta emango dio oraindik ere», argitu du Serranok, azken urtebete honetan beste modu batean lan egin nahi dutela ezkutatu gabe, «orain tokatzen zaigu herritarrei kontatzea zein izango den gure herri programa, eta zer proposamen ditugun herria hobetzeko».
Alderdikidez inguratuta Arrantzale auzoan egindako agerraldian, hain justu, Gonzalo Carrionen babesarekin, besteak beste, honek «agertutako konpromisoa» eskertzearekin batera, «titular entzutetsurik gabe» bide berri bat hasten dela, eta gogotsu daudela aditzera eman du 2027ko udal hauteskundeetarako jeltzaleen alkategai berriak, «elkarrizketa eta elkarlanerako espazioak berreskuratzeko» asmoz. «Ez nator irtenbide errazekin, lan egitera nator, entzutera eta eraikitzera, Hondarribia hobe bat denon artean egiteko adostasunak bilatzera eta zubiak eraikitzera», azpimarratu du.