Unai Emeryren enpresa taldeko EKIPATE BY UE marka Ama Guadalupekoaren brankan ikusi ahal izango dugu datozen hiru denboraldietan. Aston Villako entrenatzaileak ligan atsedena duela aprobetxatu du bere jaioterrira hurbiltzeko, eta Hondarribia Arraun Elkarteko egoitzan bi erakundeen arteko akordioa irudikatzeko.
Arraun elkarteko presidentea Joxemi Elduayenek laguntza oro «garrantzitsua eta ongi etorria» dela azpimarratu duen bitartean, Emeryk zale bat gehiago dela aitortu du.
Eskualdeko kirolaren aldeko apustua egin zuen hondarribiarrak Real Union futbol klubaren akziodun nagusia bilakatuz, baina bere herriko kirol eta klub kuttunaren parte izateak «ilusio berezia» sorrarazten diola nabarmendu du. Bere osaba Roman Emery arraun elkartearekin lotura estua izan zuela gogoratu du, 70. hamarkadan klubeko delegatua izan baitzen. Eta 24 urtez Hondarribitik kanpora daramatza Emeryk, baina ez du herriarekin harremana galdu, eta ahal duen guztietan itzultzen bada, uda garaian Ama Guadalupekoaren estropadak hurbiletik jarraitzen dituela aitortu du, sareetatik eta ETBko emisioetan ere.
Unai Emeryk herriari ekarpen bat egin nahi izan diola azaldu du, eta bere enpresa taldearen «logikaren barruan» babesletzat hitzarmen honekin eroso sentitzen dela dio. Mementoz, hiru urteko hitzarmena adostu dute, baina epe luzeagoko harremana izan dadin asmo daukatela argitu dute bi aldeek.
Gogoratu beharra dago, Hondarribiko Udalak 2022ko azaroaren 19an, Unai Emeryri Hiriaren Urrezko Intsignia ematea erabaki zuela, bere kirol ibilbideagatik, lehenik futbol jokalari bezala eta geroago Europako taldeetan (Valentzia, Paris Saint Germain, Arsenal edota Aston Villa) entrenatzaile lanetan, Hondarribiko herriaren ordezkari nabarmena bilakatu delako.