Hondarribiko Udalak aparkaleku arautuko (TAO) zerbitzua eguneratzeko makina berriak jarri ditu martxan, herritarrei zerbitzu modernoagoa eta erosoagoa eskaintzeko asmoz.
Azken urteotan parkimetroen zaharkitzeak eta sortzen zituzten arazoek agerian utzi dute berrikuntzaren beharra, eta udalak erantzun zuzena eman nahi izan dio egoera horri.Igor Enparan Araneta alkateak azaldu duenez, aldaketa honek “jauzi kualitatiboa” ekarriko du erabiltzaileen esperientzian, zerbitzu publikoen eraginkortasuna eta erabilerraztasuna lehenetsiz. Ildo horretan, ordainketa-sistemen aniztasuna da berrikuntzaren ardatz nagusietako bat: hemendik aurrera, erabiltzaileek txanponekin, txartelarekin edo mugikorraren bidez ordaindu ahal izango dute.
Azken aukera hori TelPark aplikazioaren bidez gauzatzen da, eta hainbat abantaila eskaintzen ditu. Besteak beste, ez da beharrezkoa tiketa inprimatzea, aparkaldiaren denbora mugikorretik luzatu daiteke, eta erabilitako denboraren arabera soilik ordaintzeko aukera ematen du. Gainera, ilarak saihestu eta ordainketa-prozesua arindu egiten du.
Iñaki Vielba Udaltzain buruak nabarmendu du aplikazioa erabiltzea erraza eta segurua dela, eta datu pertsonalen babesa bermatuta dagoela. Android eta iOS sistemetan doan eskuragarri dagoen tresna honek, gaur egun ohikoa den ordainketa-modu baten aldeko apustua berresten du, eta milaka erabiltzailek darabilte egunerokoan arazorik gabe