Realaren kopako finala pantaila erraldoian jarraitzeko fanzone bat antolatuko dute Arrantzale auzoan

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 10a

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, lurraldeko bost udalerritan Reala-Madrilgo Atletico taldeen arteko finala jarraitzeko fanzone bana antolatuko dute apirilaren 18an. Hondarribian ekimena Itxaropena tabernak eta Basque Txuri Urdin Peñak bultzatu dute udalarekin lankidetzan. Arrantzale auzoan ezarriko dute, eta eguna girotzeko, eguerdian eta 17:30etik 20:30era txaranga, kaleko animazioak eta ikusle guztientzako jarduerak proposatuko dituzte. Realzaleen topaketaren ondoren, 21:30ean finala jarraitzeko pantaila erraldoia egongo da.

Gipuzkoako eta Bidasoaldeko etxe askotako balkoietan "GUazen Reala" kanpainarekin bat egin eta bandera txuri-urdinak ugaritzen ari dira egunotan. Apirilaren 18an egun historikoa biziko dute realzaleek, bere historiako laugarren Errege Kopa irabazteko aukera baitu Sevillan Madrilgo Atleticoren aurkako finalean. Eta hitzordua modu berezi batean bizitzeko aukera eman nahi izan dute txuri-urdinen lagun taldeek agintarien laguntzarekin.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Departamentuak sustatuta, Jasangarritasun eta Mugikortasun departamentuekin eta udalekin batera, guztira bost espazio atonduko dituzte Zarautzen, Zumarragan, Tolosan, Lasarte-Orian eta Hondarribian, «kopako finala zuzenean bizi ahal izateko, eta ospakizunerako eta elkarbizitzarako topaguneak sortzeko». 

Kirola eta Reala, gizarte kohesiorako tresna

Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak azpimarratu duenez, ekimen honen helburua «final historiko honen emozioa lurraldeko herri desberdinetara eramatea da, eta egun hori modu partekatu, ireki eta hurbilean bizitzea». Alde horretatik, kirola gizarte kohesiorako eta bizikidetzarako tresna dela nabarmendu du, eta aukera berdintasunean gozatzeko ekimena da honakoa.  

Apirilaren 18rako Hondarribian antolatutako fanzone ekimena Hondarribiko Udalarekin batera bultzatu dute, eta antolakuntzan Itxaropena tabernaren eta Basque Txuriurdin lagun-taldea inplikatu dira. «Proposamena jaso genuenean bi eragileen partetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri ginen harremanetan antolatu ahal izateko. Aukera bikaina izango da jai giroan elkartzeko, Realaren une historikoa partekatzeko eta Sevillara joaterik ez duten herritarrei finala gerturatzeko», azpimarratu du Igor Enparan Hondarribiko alkateak.

Basque Txuri Urdin Peña Realzaleko ordezkari Ioritz Mendikutek erakundeen aldetik jasotako babesa eskertu du. Aitortu duenez, Athleticen aurkako finalerdia amaitu zenetik argi izan zuten Hondarribian ospakizun bat antolatu nahi zutela. «Oraingoan kalera atera nahi dugu, jendearekin batera ospatu eta pandemiaren atarian jaiotako peña gaztea ikusaraztearekin batera, gure lagun Joseba Romeroren oroitzapena bizirik mantendu», adierazi du. Itxaropena tabernako Ivan Saenzek ere, halako ekimenek herriarentzat duten garrantzia azpimarratu du. «Reala ez da urtero iristen honelako final batera, eta aukera ona da Hondarribia dinamizatu eta elkarrekin gozatzeko», nabarmendu du. 

Izan ere, Realak bere laugarren Espainiako Kopa irabaz dezake apirilaren 18an. Baina 1909. urtean sortutako klubak bere historia luzean halako zazpi besterik ez ditu jokatu orain artean. Sortu zen lehen urtean irabazi zuen lehen kopa Cluc Ciclista de San Sebastian izena zuela. Eta 1987an (Madrilgo Atleticoren aurka) eta 2021ean Bilboko Athleticen aurka irabazitakoez gain, talde gipuzkoarrak Bartzelonaren aurka lau final galdu ditu, 1913, 1928, 1951 eta 1988 urteetan. 

Animazio ugari eta pantaila erraldoia

Aurreikusitako programazioan, kaleko animazioa, ikusle guztientzako jarduerak eta pantaila erraldoietan partida zuzenean ematea uztartuko dute. Hala, eguerdian eta 17:30etik 19:30era bitartean, txaranga batek Hondarribiko kaleak zeharkatuko ditu giroa berotzen joateko. Eta herritarrak jardunaldiarekin bat egitera animatuko dute, ondoren, 19:30etik 20:30era, animazioak Arrantzale auzoko plazatxoko fanzonean jarraituko baitu. Bertan egingo da topaketaren aurreko jarduera, eta hantxe egongo da 21:30ean hasiko den finala jarraitzeko pantaila erraldoiak.

Musikaz eta animazioaz gain, fanzoneek DJak, puzgarriak, aurpegi margolariak eta hainbat sorpresa izango dituzte, familia, koadrila eta adin guztietako zaleek jai arratsalde batez gozatu ahal izan dezaten, Gipuzkoarako garrantzi berezia duen hitzordu baten inguruan.