EAJ-PNV udal taldearen ustez, «egoera hau ezin da normalizatu», ingurunean ez ezik, bizikidetzan ere eragiten duelako. Halaber, Abotsanitz eta EH Bilduk osatzen duten udal gobernua interpelatu dute jeltzaleek, «ordenantza berriak onartzeaz harago, arauak onartzea bezain garrantzitsua baita horiek betearaztea». Era berean, jeltzaleek beharrezkotzat jotzen du herritarrek erantzukizunez jokatzea, izan ere, hondakinak eta tamaina handiko tresnak modu desegokian uzteak arazoa areagotzen du. Eta oroitarazi dute, espazio publikoaren zaintza guztion ardura dela.
Alde horretatik, hondakinen kudeaketa Txingudiko Zerbitzuena bada ere, eta tamaina handiko hondakinak Garbigunean utzi behar dira. Azken hilabeteetan, aldiz, Arasokoa baizik ez dago martxan, Hondarribiko Akartegikoa itxita aurkitzen baita. Hala ere, hondarribiarrek telefonoz abisatu dezakete hondakin bereziak edukiontzietan utzi baino lehen, behar bezala jaso ditzaten.
Hala eta guztiz ere, EAJ-PNVren ustez, hondakinak behar bezala bideratzen ez dituzten herritarrei arauak betearazteko ardura udalarena da. «Ez du zentzurik ordenantza berriak onartzen jarraitzeak, dagoeneko indarrean daudenak behar bezala betearazten ez badira», adierazi dute. Zentzu horretan, egoera hauek errepika ez daitezen, udal taldeak beharrezkotzat jotzen du kontzientziazioa eta kontrola.