Motorren hainbat aparkaleku berrantolatu dituzte Alde Zaharrean

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 14a

Hondarribiko Udalak Alde Zaharreko aparkalekuetan hainbat aldaketa egin ditu, San Nikolas harresiaren aldameneko Jeneral Leiba kalean, eta Fraxkueneko Murruan. Segurtasuna indartzeko eta espazio publikoaren erabilera eraginkorragoa sustatzeko helburuarekin egin dituzte egokitzapenak, motorrentzako aparkaleku berriak ezarriz. 

Aldaketa nagusietako bat Uria Harresia kaleko 14 eta 16 zenbakien parean zegoen motorrentzako aparkalekua lekualdatzea izan da. Gune horretan autoentzako bost aparkaleku sortu dira, eta motoentzako eremu berria metro gutxi batzuetara kokatu dute, San Nikolas harresiaren ondoko aparkalekuan (Jeneral Leiba kalea). Harresiaren ondoan zeuden autoentzako plaza batzuk motoentzako egokitu dituzte, espazioaren antolaketa orekatuagoa eta eraginkorragoa lortzeko. Hortaz gain, Fraxkueneko Murrua kalean ere, Egiluze Ikastetxearen atzealdean, motorrentzako aparkaleku berria egokitu dute. 

Iñaki Vielba udaltzainburuak azaldu duenez, "egindako aldaketekin motorrentzako plaza kopurua handitu eta orekatu egin da, irisgarritasuna hobetuz eta kotxeentzako lekurik murriztu gabe". Izan ere, orain arte, harresiari itsatsita aparkatzeko, askotan auto-gidariek maniobra ugari egin behar izaten zituzten. "Antolaketa berriarekin, egoera hori erraztuko da”, Vielbaren arabera. 

Era berean, egokitzapen horiek segurtasun irizpideei erantzuten diete, Alde Zaharreko kale estuek “larrialdi-egoeretan irisgarritasun arazoak sor baititzakete, bereziki anbulantzien, suhiltzaileen eta bestelako larrialdi-zerbitzuen joan-etorriak oztopatuz”.

Hori dela eta, Udaltzaingoak ohartarazi du aurrerantzean Alde Zaharreko kaleetan aparkatzen duten moto-gidariek horretarako baimendutako aparkalekuetan egin beharko dutela, segurtasuna eta ibilgailuen fluxua bermatzeko.