Mendelu Enea irekiko dute, udal administrazioa herrigunetik urrutien dagoen auzoaren zerbitzura

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 16a

Larunbatean, apirilak 18, Mendelu Enea eraikinaren irekiera ekitaldia antolatu dute eguerdian. Udal administrazioa deszentralizatzeko espazioak eskaintzen dituen zerbitzuak, eta elkartegintzarako bilera gelak ezagutzeko bisita egingo dute, jai txiki batekin amaitzeko. Hondarribiko Udalak milioi euroko inbertsioa egin du, 2023ko abenduan eraikina erosi eta gero, irisgarritasun irizpideak eta ITE ikuskapen teknikoa pasatzeko. Hirugarren solairuan indarkeria matxistaren biktimak artatzeko Garaituz proiektua kokatuko dute

Auzo Bihotz bezala izendatua du Hondarribiko Udalak Mendelu, oraindik onartuta ez dagoen HAPOan. Baina Mendelu Enea eraikinaren irekierarekin «sinbolikoki urrats garrantzitsua» ematen dela uste du Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkariak. Udalaren asmoa «udal administrazioa herritarrengandik gertu eta eskura jartzea» dela azpimarratu du Igor Enparan alkateak, eta Hondarribiak zerbitzuak oso zentralizatuak ditu gaur egun. Alde Zaharrean eta Portua auzoetan batik bat.

Alde horretatik, Mendelu Enea auzotarrentzat erreferentziazko toki bat bilakatuko delakoan daude udal agintariak, eta herrigunetik urrutien dauden auzoetarako eredu izan nahi du. Enparanek dioenez, Mendelu urrutien dagoen auzoetako bat den heinean, tramiteak egiterako garaian herritarrentzat udaletxera hurbiltzea zama izan daitekeenez, bertan instalatu duten makina elektronikoari esker, errolda-agiriak, erregistro elektronikoko izapidetzeak, ordainagiriak edota kultur ekitaldietarako sarrerak erosteko aukera izango dute auzotarrek.

Baina makina elektroniko bat baino askoz ere sakonagoa izango da eraikin honek eskainiko duen udal administrazioaren deszentralizazioa. Urtizbereak aditzera eman duenez, «badirudi Amuteko zubia fisikoa izatez gain, benetako muga bat suposatzen duela, eta haustura horrekin apurtu nahi dugu».

Irekiera ekitaldia zerbitzuak ezagutzeko

Apirilaren 18an, larunbata, Mendelu Enea eraikinak ateak zabalduko ditu ofizialki, eta hondarribiarrak, baina bereziki auzotarrak gonbidatu dituzte 12:00tan bisita egin, eta auzoko zenbait eragilerekin irekiera festa txiki bat ospatzera. Izan ere, bertan ensaiatzen duen Rondaiak, eta eraikinaren pareko bizilagunak dituzten Psilocybe musika elkartekoen emanaldiekin animatuko dute, hamaiketako batekin amaitzeko.

Ekitaldian eraikina ezagutzeko parada eman nahi dute. Bertan egindako egokitze lanen ondotik, espazioen erabilera aldetik funtzio anitzak izango dituen gunea dela nabarmendu baitu Igor Enparan alkateak. Hondarribiko Udalak 2023ko abenduan erosi zuen garai batean Stanley akademia zen eraikina, eta milioi euro inguruko inbertsio ekonomiko handia ez ezik, «denbora luzeko lan baten ondorioz behingoz lortu dugu herritarrei espazio hau eskaintzea», azaldu du alkateak. Bertan zerbitzu publiko bat antolatu ahal izateko, irisgarritasun irizpideak betetzeko lanak izan dira garrantzitsuenak. Eskailerak berritu eta igogailua jarri baitute, baina Estitxu Urtizbereak argitu duenez, hezetasun arazoak eta fatxada konpondu zaio ere, ITE ikuskapen teknikoa pasa ahal izateko. 

Eraikinaren erabilerak herritarren beharrei erantzuteko pentsatuak daude agintarien esanetan. Batetik, urtarrilean ireki zuten Open Gela edo auzo bulegoa martxan dago. «Auzo honetan etorkizunean egin beharreko birgaitze eta hirigintza gabeziei erantzuna emateko, arkitekto bat izango da auzoberritze proiektuetan auzotarren beharrak atenditzeko, administrazio publikoan aditua den beste pertsona bat ere, dirulaguntzei buruz informatzeko, eta azkenik, ikuspegi soziologikoa ere aintzat hartu dugu, zaurgarriak eta adinekoak diren pertsonek ere haien ekarpenak egin ditzaten», argitu du Enparanek.

Bestalde, espazioak bilera gelak ditu, eta horrez gain herriko elkarteek erabiltzeko espazioak gainerako solairuetan. «Elkartegintzaz ari gara, eta herrigintzara bideratutako espazioak izango dira», dio alkateak. Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak azaldu du, Hondarribian geroz eta elkarte gehiago dagoela, eta Mendeluko espazio berri hauek lehiaketa bidez banatuko dituztela.

Hala ere, hirugarren solairuan aparteko proiektu bat kokatuko dute. Garaituz programa bertan ezartzeko lanean ari dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. «Indarkeria matxista pairatu duten biktimak artatzeko gune bat izango da, bailarako ikuspegiarekin lan egingo duena, Hondarribia eta Irunen», iragarri du Urtizbereak.