Mendelu Enea: auzoaren erreparazio fisiko eta moralaren abiagunea

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 18a

Bizilagun andana bat hurbildu da gaur Mendelu Enea eraikinaren irekiera ekitaldira. Herrigunetik urrun dagoen auzora udal zerbitzuak deszentralizatzeko ez ezik, Irun eta Hondarribiko erdibidean, azken mende laurdenean ahanzturan erori den auzoa biziberritzeko helburu duen proiektuak jakin-mina piztu du. Aireportuaren proiektuak 25 urtez kaltetutako etxebizitzak birgaitzeko aholkularitzarako Open Gelarekin batera, udal tramiteentzako BAZ makina, elkarteentzako gelak eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko 'Garaitu' proiektua jasoko ditu udalaren auzo bulegoak.

Mendeluko bizilagunek ekitaldi xumea egin dute gaur, garaipen handi bat ospatzeko. Alboko bizilagunak dituzten Psilocybe musika elkarteko edota auzoko Rondaia del Ebro taldearen jota-doinuekin batera, Mendelu Enea eraikinaren irekiera ekitaldia ospatu dute, eta udalaren auzo bulegora bisita egin dute, honek auzokideei zabalduko dizkien aukera berriak irudikatu nahian. 

Izan ere, auzoak dituen gabeziak handiak dira, agintariek Mendeluko bizilagunekin pilatutako zorraren tamainakoak. Hondarribiko aireportuko pista luzatzeko proiektuaren mehatxua zela eta, 25 urtez bizilagunen etxeak eta auzoa zaharberritu gabe egon ondotik, Hondarribiko Mendelu auzoak erreparazioa behar du. Fisikoa, baina baita morala ere. Irun eta Hondarribia artean kokatuta, errepide nagusiak eta 8.000 auto inguruk trebeskatzen dute auzoa egunero. Orain, aldiz, milioi euroko inbertsioa egin du udalak «gehiegi luzatu den ezegoera iraultzeko».

Atzealdeko berdegunea auzoaren zerbitzura jarri nahi dute. Irudian, Rondaia del Ebro gaurko ekitaldian. 

Estitxu Urtizberea, Hirigintza ordezkariak aditzera eman duenez, «azken mende laurdenean administrazioek hartu dituzten erabakiek bizilagunen eguneroko bizitzan eragin zuzena izan dute, aitortu behar dugu ez dela egin ahal zen guztia egin, eta instituzioen aldetik beraiekin bidea egiteko eta baliabideak jartzeko konpromisoa hartu nahi dugu».

Alde horretatik, udala auzora hurbiltzeko eta tokiko administrazioa deszentralizatzeko helburua duen proiektua da Mendelu Enea. «Amuteko zubia baino muga mentala askotan, handiagoa izaten da, eta halako haustura bat eman da Mendelun, baina Hondarribiko Udalari Mendelu inporta zaio», azpimarratu du Urtizbereak. Herrigunetik urrun dagoen auzoa izanik, 300 etxebizitzetan 800 lagun inguru bizi dira bertan, eta gehienak adinduak direla aintzat hartzen du udalak.

Hartara, eraikin berrian, udal tramite guztiak egiteko aukera ematen duen BAZ makina instalatu dute, errolda-agiriak inprimatzeko, udal zergak ordaintzeko edota kultur ekitaldietarako sarrerak udaletxera joan beharrik gabe eskuratzeko. «Administrazioa  zurruna izaten da askotan, baina adineko pertsona asko dago auzoan, mugikortasun zailtasunak dituztenak eta tramite digitalekin ere ez direnak abilak, beraz, zerbitzu humanoagoa eskura jarri nahi izan dugu auzo bulego honekin», argitu du udal ordezkariak.

Auzokoen zerbitzura

Mendelu Eneak, ordea, zerbitzu eskaintza anitza izango du. Hondarribiko Udalak 2023ko abenduan erosi zuen eraikina. Garai batean Fermintxo Enea zena, azken urteetan Stanley akademiaren egoitza izan da. Eta milioi euroko inbertsioarekin, eraikina berritu, espazioak atondu eta igogailua instalatu ondotik, joan den urtarrilean ireki zuten Open Gela. Bertan etxeak birgaitzeko eta horretarako dirulaguntzak eskuratzeko aholkularia eta arkitektoa jarri dute auzotarren eskura.

Auzokideek irekiera probestu dute eraikina ezagutu eta BAZ makina elektronikoa probatzeko.  

Gainerako espazioetan elkarteentzako gelak eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko ‘Garaitu’ izeneko gunea ere ezarriko dute. Hau eskualde mailako zerbitzua izango dela iragarri du Urtizbereak, hondarribiar eta irundarrei zuzenduta. «Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan ari gara proiektu horretan, eta Mendelu leku estrategiko batean dagoela iruditu zaigu, bailara mailako horrelako zerbitzu bat eskaintzeko», adierazi du. 

Marian Mendizabal, Mendelu Zaharra auzo elkarteko kidea pozik azaldu da proiektuarekin. «Urte asko daramatzagu borrokan, arazo askorekin, aireportuaren ondorioz etxeak konpondu ezinik batetik, eta errepidean trafiko handiarekin bestetik, bizikletak espaloitik eta oinez ezin ibili», kontatu digu, «orain gutxienez etxebizitzak berritzeko laguntza jasoko dugu, eta kontent gaude behingoz gurekin pentsatu dutelako. Ea Mendelu Enearekin auzoak aurrera egiteko aukerarik duen», esan du itxaropentsu.