Garraio publikoa oinarrizko eskubidea da, eta beste eskubide batzuetarako sarbidea errazten duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia hainbat gizarte eragileekin lankidetzan ari da, pertsona zaurgarrienek MUGI txartel anonimoen bitartez, garraio publikorako sarbide unibertsala bermatzeko.
Hartara, gizarte-babeserako sistematik kanpo geratzen diren pertsonei ere, lanera, osasun etxera edota hezkuntza zentroetara garraio publikoan mugi daitezen, SOS Arrazakeria, Sarea Fundazioa, Zehar Errefuxiatuekin, Caritas eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean ari dira.
Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Gurutze Gorriak Hondarribiko Puntalean duen egoitzara bisita egin du gaur. Igor Enparan Hondarribiko alkatearekin, Gurutze Gorriko ordezkariekin eta MUGI anonimoaren onuradunekin elkartu da ekimena aurkeztu, eta gizarte eragile honen lana bertatik bertara ezagutzeko. Diputatuak azaldu duenez, "garraio publikoa funtsezko eginkizuna betetzen du herritarren arteko aukera berdintasunean". Eta dioenez, une honetan, "funtsezkoa izango da Espainiako Gobernuak bultzatutako migratzaileen erregularizazio-prozesuan".
Alde horretatik, Gurutze Gorria bezalako erakundeei laguntzea, artatzen dituzten pertsonak gizarteratzean laguntzea dela nabarmendu du Dominguezek. Izan ere, "gaur egungo testuinguruan, non diskurtso xenofoboak eta arrazistak ikusgarritasuna eta presentzia irabazten ari diren eztabaida publikoan, Gipuzkoan apustu sendoa egiten dugu gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa eraikitzeko", aldarrikatu du.
Bestalde, Antxon Amunarrizek, Gurutze Gorriaren Gipuzkoako ordezkariak azaldu duenez, duela hiru urte hasi ziren ekimen honekin, eta orain artean 278 pertsonak jaso ahal izan dituzte laguntza horiek zeharka, eta MUGI txartelak erabili ahal izan dituzte eguneroko kontuetarako. "Mugi txartelak Gurutze Gorriaren Harrera eta Gizarteratze Programa indartzen duen tresna da, erabiltzaileen autonomia eta mugitzeko askatasuna errazten dituelako", nabarmendu du Amunarrizek.