Aireportuak %5 bidaiari gutxiago jaso du urteko lehen hiruhilekoan

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 27a

Hegaldien okupazio-tasa iazkoa baino hobeagoa bada ere, hegaldi kopuruak %8,2 apaldu dira. Bidaiarien kasuan, martxoan %8,8ko beherakada izan du 2025arekin alderatuta, eta urte hasieratik %5 apaldu da, orotara, 88.619 bidaiarirekin. 

Hondarribiko aireportuak urte hasiera kaxkarra egin du. AENA erakundeak plazaratu duen urteko lehen hiruhilekoko datuen arabera, 2025eko epe berarekin alderatuta, %5 bidaiari gutxiago jaso ditu. Urtarriletik martxora 88.619 bidaiari izan dira guztira. Hala ere, hegaldien okupazio-tasa iazkoa baino hobeagoa da, izan ere, hegaldi kopuruak %8,2 apaldu dira. Bidaiarien kasuan, martxoa izan da hilabeterik okerrena, 34.093 erabiltzailerekin, %8,8ko beherakada suposatzen baitu 2025ekoarekin.

Haatik, datuen beherakada bere testuinguruan kokatu behar dira. Izan ere, Hondarribiko aireportuak bere historian izandako daturik onenak jaso ditu azken hiru urteetan. 2025ean ezin izan zion eutsi 2023 eta 2024ko hazkundeari. Iazko datu metatuari erreparatuz gero, 2025ean %7,8 operazio gehiago jaso zituen aireportuak, guztira 6.482. Beraz, aireratze eta lurreratze gehiago izan ziren, baina bidaiari kopuruak behera egin zuen. Batik bat udan jasan zuen galerarik handiena, 2024koarekin alderatuta galdutako 13.828 erabiltzaileetatik 10.151 ekaina eta iraila artean galdu baitzituen.

Alde horretatik, Valentzia eta Tenerifeko hegaldiek 2024an Mediterraneoko hegaldiek baino bidaiari gutxiago ekarri dituzte. Eta bestetik, okupazio mailarik altuenak izan ohi dituzten Madrilgo eta Bartzelonako zenbait lotura galdu zituen iaz. Hala eta guztiz ere, 2025ean 472.666 bidaiari jaso zituen Hondarribiko aireportuak, 2024ko 486.494 erabiltzaileen aldean. 2023a, aldiz, historiako bigarren urterik onena izan zen, 474.140 bidaiarirekin.