Gitarra klasikoaren akordeak bihurrituko dituzte Hondarribian 24. urtez

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 28a

Apirilaren 29tik maiatzaren 3ra Hondarribia-Peñiscola Kitarra Jaialdiaren 24. edizioa ospatuko da, Hondarribiko Kultur Etxean eta Paradorean ez ezik, Irungo Oiasso Museoan ere. Gitarra klasikoan Mattia Dugheri edo Antonio Molfetta bezalako prestigioa duten musikariekin batera, aurten Hondarribiko Musika Eskolarekin elkarlana sustatu dute, eta gitarra irakasleek kontzertua emateaz gain, ikasleek Carles Pons i Altes zuzendari artistikoaren masterclass bat gozatuko dute. 

Carles Pons i Altes gitarra-jotzaileak Ramon Roteta sukaldariarekin batera Hondarribia-Peñiscola Kitarra Jaialdia abian jarri zuenetik gaur egun arte, asko aldatu da festibala. Baina hasiera haietan jatetxean bertan, kitarra eta gastronomiaren arteko maridaje bat zena gorpuztu, eta erreferentziazko musika jaialdia bilakatu da urteen poderioz. Carles Ponsek berak aitortu duenez, «jaialdia plastilinazkoa da». Izan ere, aro desberdinetan egokitzen eta berrasmatzen jakin izan du. Eta Hondarribian udal korporazioen joan-etorriarekin edota pandemia garaian ere, «kultura gailendu da beti». 
 
Horrela, 24. Kitarra Jaialdia ospatuko dute Hondarribian apirilaren 29tik maiatzaren 3ra bitartean. Eta Ortzi Alonso Kultura zinegotziak dioenez, «jaialdi xumea bada ere, sorpresa kutxa bat da, gitarra klasikoan kalitate handiko kontzertuak gozatu daitezkeelako». Izan ere, Carles Pons i Altes zuzendari artistikoak berak azpimarratzen du, «nazioarte mailako prestigioa duten musikariak jasotzen ditu Hondarribiak».
 
Aurtengo jaialdirako osatu duen programa anitza eta orekatua izango dela aditzera eman du zuzendariak. Zinemagintzatik ezagunak diren Ennio Morricone eta Mikis Theodorakis obrak edota Albinoniren Adaggioa bezalako errepertorioak entzun ahal izango diren bitartean, goi mailako kitarra jotzaileak, eta Carles Ponsen arabera, «aurki Hondarribira ekartzea pentsaezina izango den Mattia Dugheri italiar prodigio gaztea» bezalako artistek osatuko dute kartela. 
 
Haatik, nobedade nagusia Hondarribiko Musika Eskolarekin elkarlana izango da aurten. Maiatzaren 2an, eskolako gitarra irakasleek orkestra kontzertuan parte hartuko baitute, lau euskal kantuekin. Eta Fabian Martinez irakaslearekin lankidetzan, Carles Ponsek berak gitarra ikasleentzako masterclass bat emango du apirilak 28 honetan. Hilaren 29an, berriz, Ponsek berak "Los sonidos del arcoiris" kontzertua eskainiko du Kultur Etxean, tango argentinarretatik hasi eta Albenizen errepertoriora hurbilduz.
 
Azken kontzertua, maiatzaren 3an, Paradorean antolatuko dute, Antonio Molfetta musikariarekin. Eta egun berean, urtero bezala, Oiasso Museoan ere matinala proposatuko dute, 12:00etan, Musika Museoan programarekin bat eginez. Bertan MP Guitar Duo portugaldarra ariko da. 
 
Gainerako kontzertu guztiak, aldiz, Hondarribiko Alde Zaharreko Kultur Etxean izango dira, 19:00tan. Mattia Dugheri talentu gaztearen kontzertua maiatzaren 1n eta maiatzaren 2koa, Musika Eskolako Gitarra Orkestra emanaldia. Sarrerak doakoak dira, baina aforoa mugatua denez, aldez aurretik eskuratu behar dira. Oiasso Museoko emanaldirako bertan jaso beharko diren bitartean, Hondarribiko saioetarako Arma Plazan edo hemen eskura daitezke