Hondarribiak Palestinarekin bat egingo du larunbatean Itsas Herri ondare jardunaldietan

Aitor Errazkin 2026ko maiatzaren 6a

Hondarribiko III. Itsas Ondare Topaketak maiatzaren 6tik 9ra ospatuko dira, itsasoari lotutako historia, kultura eta tradizioak ardatz hartuta. Aurtengo edizioan hitzaldiak, dokumentalak, mahai-inguruak eta kale jarduerak izango dira lau egunez. Etxara elkarteak topaketa hauetan parte hartuko du, Palestina herriarekiko elkartasuna txertatuz. Larunbateko herri bazkariaren bidez bildutako dirua Palestinako herriari bideratuko zaio. Bereiziki, Israelgo armadak atxilotuta eta preso dituen Sumud Flotillako kideak izango dituzte gogoan. Ramon Muñoz, Etxara elkarteko kidearekin hitzegin dugu.

Hondarribia itsasoarekin lotura estua duen herria da, eta hori agerian geldituko da III. Itsas Ondare Topaketetan. Maiatzaren 6tik 9ra bitartean, herriko hainbat gunetan programazio zabala prestatu dute: dokumentalak, hitzaldiak, bisita gidatuak, itsas modelismo erakustaldiak, gastronomia jarduerak eta kale animazioa. Helburua da itsas ondarearen inguruko ezagutza partekatzea, esperientziak trukatzea eta sektoreko eragileen arteko harremanak sendotzea.

Etxara elkarteak ere parte hartuko du aurtengo topaketetan, eta larunbatean, 14:30ean, Arrantzale auzoan egingo den herri bazkariaren antolaketan murgilduta dago. Bazkarirako txartelak 15 eurotan eskuratu ahal izango dira, eta bildutako diru guztia Palestinako herriaren alde bideratuko da. Ekimenak elkartasun izaera nabarmena izango du, eta bereziki gogoratuko dituzte Israelgo armadak atxilotuta mantentzen dituen Sumud Flotillako kideak.

Azken egunotan, Israelgo armadak Global Sumud Flotilla geldiarazi zuen nazioarteko uretan, Greziatik gertu, eta 175 ekintzaile inguru atxilotu zituzten. Horien artean oraindik preso daude Saif Abukeshek eta Thiago de Avila, eta lekukoen arabera, torturak ere salatu dituzte. Testuinguru horretan, Hondarribiko topaketek itsas ondarea ez ezik, itsasoarekin lotutako elkartasun eta nazioarteko eskubideen aldarria ere izango dute presente.

Topaketen egitarauan, besteak beste, Los cayucos de Kayar eta Gabarraren azken uhera dokumentalak, arrantzaleen kofradiaren bentara bisita gidatuak, ronkeo erakustaldia, marmitako jana eta Marenen kontzertu akustikoa izango dira. Hondarribiak berriz ere erakutsiko du itsasoa ez dela bere iraganaren parte soilik, gaur eguneko identitatearen ardatz nagusietako bat ere badela.

Egitaraua (+INFO)